Hilaren 6an Sigmund Freud jaio zela 150 urte bete dira, eta horren karietara, austriar medikuaz eta psikoanalisiaz ikusi ahal izan dugu han-hemenka iritzi sorta. Itxarotekoa zenez, gehienek pentsalari handi baten ahalak eta gizakiaren psikearen ezagutzari egindako ekarriak nabarmendu dituzte, nahiz eta egon den, egon ere, bai Freud eta bai haren jarraitzaile guztiak ere hitzontzi hutsak direla baieztatu duenik. Ez noakizu ni, irakurle, horrelako ur handitan igeri egitea proposatzera, Freud intelektual erakargarria dela uste dudan arren, eta ez bakarrik psikologiaren ikuspuntutik begiratuta.
Ez horixe. Bestelakoa da proposatzen dizudan ariketa. Esaten dutenez, Freudek landutako tresna terapeutikoetako bat asoziazio askea zen. Honatx galdera: zer datorkizu burura Freud izena entzutean? Terapia berba, larru beltzezko dibana, gizon edadetu eta pipa erretzaile bat emakume histeriko baten negarrak entzuten. Topikoz gainezka ageri zaigu psikoanalisiaren kontu hori.
Beste alde batetik, gizaki modernoak bere buruari iseka egiteko sarritan erabili du psikoanalisia. Erreparatu, bestela, Woody Allenen filmetako zenbait sekuentzia gogoangarriri. Hona hemen adibide bat: pantaila erdibituta dago; alde batean, Woody Allen bere terapeutarekin ari da; bestean, unean uneko emaztea gauza bera eginez. Hots, nor bere terapeutarekin hizketan. "Zenbatetan dituzue sexu harremanak?" galdetzen dute terapeuta biek. "Oso gutxitan: astean birritan, besterik ez", erantzuten du gizonak. "Ufa, askotan: astean birritan", erantzuten du emazteak.
Dela hedabideen eragina, dela eskarmentu propioa edo hurbilekoena, egungo gizarte modernoetan, inor gutxik esan dezake ez dakiela zer den terapia psikologikoa, psikoanalisiaz, Freudez, edota terapia psikologikoen artean dagoen aniztasunaz tutik ere jakin gabe. Eta topiko eta isekatik harago, gero eta jende gehiagok parte hartzen du terapien mundu horretan. Batzuek diote Estatu Batuetatik datorren modaren menpeko izatea besterik ez duela erakusten ohitura horrek. Beste batzuen iritziz, gizarte modernoetako apaiz berriak dira terapeutak, azken batez, gaixoa artaldera berriro biltzean baitatza haien lana.
Direnak direla, kontua da horrelako terapia batera hurbiltzen den gizakia nola edo halako mina sufritzen ari dela, giza oinazeaz ari baikara terapia hizpide dugularik. Hona Filosofia irakasle bati ebatsitako hitzok "...psikoanalistaren kontsultara sartzen den subjektua errudun sentitzen da: gehien maite dituenekin gaizki portatzen delako, pozik egon behar duenean triste dagoelako, berak aukeratu duen hori soportatzen ez duelako, ideia gaiztoak izaten dituelako..." Bestela esanda, sozialki eraikita dagoen gizaki ideal horretatik urrun ikusten duelako bere burua. Terapia psikologikoaren ironia garratza horretan dago: gizarteak sortzen digu ezinegona eta gizarteak berak jartzen ditu bideak sentimendu hori artatzeko. Zeren eta, gaur egun, zoriontsu izatea ia-ia gizarte agindua baita. Oreka psikologikoa eta kolesterolik gabeko dieta kitt berean etortzen dira. Agian, beste garai historiko batzuetan tristezia sormenaren iturritzat jo zitekeen, baina gure gizartean tristezia ez dator bat arrakastarekin. Bateraezinak ere direla esan liteke.
Calvinoren hasierako jarraitzaileek ulertezintzat jotzen zuten kristau jendeak txirotasunean bizitzeko egiten zuen ahalegina. Pobre izan gura izatea -esaten zuten- gaixorik egotea gura izatea bezalakoxea da! Antzeko zerbait esan zitekeen gaur egun tristeziak jota profesional on baten eskuetan ipintzen ez denari buruz. Gizaki autonomo eta askea balio gorentzat jotzen dituen gizarte honek perfekzioaren bila ibiltzera kondenatzen gaitu. Nola ez dira ugarituko, bada, mota guztietako terapiak? Beharbada, terapeutak esango digu ez dugula joan behar eredu perfektu horren bila... baina, orduan, beste eredu baten bila abiatuko gara. Ez dago irtenbiderik.
Freuden garaian bizimoduari eutsi ezin zioten gaixoak hurbiltzen ziren terapiara; gaur egun, gutxien espero dugunean entzun diezaiokegu gure ondokoari terapeutarekin hitzordua duela. Maila kultural eta ekonomiko jakin batzuei bakarrik dagokien arren, terapia psikologikoaren erabilera herritartu egin dela esan genezake. Eta, horrez gain, desmedikalizatu ere bai, zilegi bazait hitz hori erabiltzea. Jende askoren egunerokotasunean txertatu da, apurka-apurka, isil-isilik.
Diogun berriro. Terapia psikologikoaren erabilera hedatuari buruzko irakurketa asko egin daitezke, eta horietako batzuk ez dira batere samurrak. Baina nork salbatuko gaitu terapeutarengandik, perfekzioaren etengabeko bilaketa honetan murgildurik?