argia.eus
INPRIMATU
Mundua urratsez
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Batera. Eguerdia Senperen. Lakua atzean, sarrera nagusiaren aitzinean Batera plataformaren gunean. Mahai bi lau afixa eta erreferendumaren aldeko sinadura kartak. Hegoaldekoen sinatu ezinak, pena. "Datorren hamarkadan guk ere bai". Inguruko gazte batek, paso. "Ni ez nauzue frantsesa". Identifikatu dut. Bere garaian, gurasoek Seaska Hezkuntza Nazionalak subentzionatua izatearen aurka, lizeo frantsesera igorri zuten ikastera. Ez zioten Kanbokoa ezagutzeko aukerarik eman, erreformista zelakoan edo. Gurasoen erabaki hark berea egin du. Euskal Departamendua, frantsesa du. Bere duintasun iraultzaileak eragozten dio aldeko sinadura. Haserretu nau, ez diot fitsik esan. Nik ere, paso. Biharamunean izan dut bere ogibidearen berri. Frantziako Estatua du bere nagusia. Funtzionaria da. Behar diren dokumentu orotan sinadura guztiak eman ditu espreski, bizibidea lortzeko. Oraingoan ezingo ditu gurasoak arbuiatu, berea izan da erabakia. "Ni ez nauzue frantsesa" esaldiaz segituko gaitu gaztigatzen duintasun iraultzaileaz. Datorren hamarkadan gurekin izanen dugu. Damurik gabe independentziaren aldeko kanpainan. Ez du nagusirik ukatuko, ogibideak zernahi justifikatzeko balio du. Saiatuko naiz gomutan atxikitzen eta ez dut "ni ez nauzu funtzionari frantsesa"z gaztigatuko.