Kanpo-zorra


2006ko maiatzaren 28an

Klub pribatua da gaur egungo Europa. Ez dio edonori sartzen uzten, eta edonola ere sarrera lortzen duena, bizirik heltzen baldin bada, kanporatua izango da, jatorriko lurraldera edo itsaso zabalera, berriro ere ozeanoan gal dadin. Jarrera ankerragorik ezin da asmatu. Gaur egungo hiritar europarrek ez dute txintik ere esango hori guztia beren begietatik aparte egiten baldin bada. Baina ez dago horretarako eskubiderik. Are bidegabeagoa da kontutan hartzen bada Europaren kanpo-zorra. Bai, kanpo zorra Europak beste lurralde askorekiko duena baita, eta ez alderantzizkoa, sarritan esan ohi den legez. Kanpo-zor horri esker aberastu baita Europan aberatsa dena, eta orain, aldiz, berak sortutako pobreei ateak ixten dizkie gupidarik gabe.

Ez da harritzeko jarrera, nolanahi ere, Europaren beraren intrahistoriari begiradatxoa ematen baldin badiogu. Europar Batasuna lortzeko bidean agertu diren zailtasun ugariak ez dira harrigarri, orain batu beharreko Estatuak itsaslapurren eta lukurreruen tradizioan osatu direnean. Elkarri lapurreta edo mila triskantza eginez. Inoiz kitatu ez diren zorrak. Gaur egun ere, nonahi aurki daiteke horien arrasto urrunago edo hurbilagokoa. Ikus ditzagun zenbait adibide: Brusela omen da Europar Batasunaren hiriburua, hiri zabala, etnia eta hizkuntza anitzetako biztanleria duena; hirian zehar paseatzen duenak Petit Sablon izeneko lorategi txiki zaindu batekin egingo du topo, loretsu eta alai udaberrian, eta aintzira garden baten ondoan, harrizko eskultura bikoitz ikusgarria; oinetako plaka handi batek adierazten du haren esanahia: "Egmont eta Hornes heroiei, Albako dukeak sententzia bidegabean zigortu eta 1568.eko ekainaren 5ean Bruselan burua moztuz erailak". Inperio espainiarrak flandestarren aurka egindako sarraskiaren oroimena. Ez zen berau Bruselako sarraski bakarra izan, Errege frantziarrek ere hiriburua guztiz txikitu baitzuten kanoi-bonbaz, gaur Grand Place dagoen lekua lurrarekin berdinduz. Baina batzuena eta besteena gainditu eta Estatu belgikar propioa eratu zenean, bertoko agintariek ere modu bertsuan eutsi zioten lukurreruen tradizioari, eta Leopold II belgikarren erregeak Afrikaren zati handi eta aberatsa, Kongo Librea izenaz gainera, finka pribatu gisa administratu zuen, eta hango biztanle guztiak esklabu moduan maltratatu. Gehiago kostatu zitzaien, beraz, beltz afrikano hauei Estatu independente mailaraino heltzea, 1960 urtera arte lortu ez zutena, eta gerora ere Belgikak ez die aurreko zorrik ordaindu, gosez eta gerraz hiltzen ikusi dituen arren. Eta metropoli zaharreraino heltzen direnek ez dute harrera onik aurkitzen. Azken eskandalua Antwerpen hiri flamenkoan gertatu da: 18 urteko gazte arrazistak emakume eta haur beltza tiroz erail ditu, hirian hedatua den giro arrazistari segika.

Beste adibide europar bat Greziakoa dugu; gaur Atenas bisitatzen duenak, iragandako garai klasikoetako oroimenaren ondoan, hiriburu pobretu eta nahiko kaotikoa aurkituko du. Behinolako edertasunaren bila Akropolisa bisitatzen duenak, laster nabarmenduko du Perikles zenaren obra ederretatik oso gutxi gordetzen dela, eta nabarmenagoa dela hutsa Partenoiaren friso behinola ederretan edo Erekteoi deitu tenpluko kariatideetan. Jakingo du, horrela, lord Elgin gobernadore britainiarrak lapurtu zituela bertatik eskultura gehienak eta Londresen saldu, eta Museo Britainiarrak gordetzen dituela gaur, zor hau ere benetako jabeei itzultzeko batere asmorik agertu gabe.

Europan ez dago, beraz, gaur nor den Estaturik, era horretako zorren bat ez duenik; Etiopian gaur gosez hiltzen ari diren milaka haurrek historia ezagutuko balute, Italiara begira jarriko lirateke seguruenik. Baina ez da beti denboran urruti joan behar era horretako zorren jatorria ikusteko. Estatu espainiarrak Saharari dion zorra ez da aspaldi sortua, baina mingarriena zera da: orain Marokoko erregeari ordaindu izana, sahararrak eremu latzean abandonatuz. Evo Moralesek egiten duenaz kexatuko dira gero.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude