argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2006ko maiatzaren 28a

Paraiso Gasteizko antzerki taldeak ikuskizun berritzaileenaren eta ikuskizun hoberenaren sariak jaso ditu Lleidako Txotxongilo Antzerki Azokan, Belgikako Guimbarda taldearekin batera egindako En el jardín lanarengatik.

Jon Urbe argazkilariak Sahuar webgunea (www.sahuar.com) sortu zuen duela hilabete batzuk, prentsan lan egiten duten argazkilariek bestelako argazkiak plazaratzeko tokia izan zezaten. Besteak beste, Txomin Txueka, Gari Garaialde eta Juantxo Egañaren argazkiak ikus daitezke bertan.

Juan Mari Beltranek Orhiko xoria (Elkar) diskoa kaleratu du. Musika tresna tradizionalak oinarri hartuta, kantu tradizionalak eta berak sortuak bildu ditu.

Juan Bidegainek Documania telebista katean banatzen duen Doc'Amateur saria eskuratu du, Ondarroako arrantzaleen gaineko Rockall dokumentala dela-eta.

Juan Luis Zabala (Azkoitia, 1963) idazle eta kazetariak Inon izatekotan (Susa) argitaratu berri du. 1985etik 2006ra bitartean egindako hainbat gogoeta, artikulu, poema nahiz ipuin batu ditu Zabalak liburuan.