argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 16a

Bilbon telebista euskaraz

Bilboko eta inguruko hainbat euskaltzalek Ibaizabal izeneko ekimena jarri du abian. Ekimenaren nahia Bilbon eta inguruetan euskara hutsez arituko den telebista digitala sortzea da. Euskaltzale hauek Eusko Jaurlaritzak tokiko telebistak arautzeko eman dituen pausoak baliatu dituzte. Horrela, euskarazko emisioak Bilbo, Getxo eta Barakaldora zabaldu ahalko dira, alegia, Ezkerraldeko lau herriak, Meatzaldea, Basauri, Galdakao, Enkarterriak eta Uribe-Kosta hartuko lukete. Telebista bi edo hiru urte barru egon daiteke prest.


Euskarazko web gune elebakarrak

Erabili.com-ek web gune horiek hartu eta bisitari kopuruaren arabera lehenengo 20ak zerrendatu ditu. Lehenengo bi postuetan Sustatu.com eta Eibar.org daude, hurrenez hurren. Iaz alderantzizko postua izan zuten. Aurten, Berria.info dago hirugarren postuan. Iaz ez zen zerrendan azaltzen, zerrendan agertzeko baldintza zelako web gunea guztiz euskaraz egotea eta Berria.info-k ingelesezko edizioa bazuen iaz. Argia.com web gunea (Sareko Argia) zazpigarren postuan ageri da. Erabili.com-ek Cybereuskadi elkarteak euskal web guneekin egiten duen zerrendatik atera ditu web gune hauek eta egindako kalkuluen arabera, euskaraz baino aritzen ez diren web guneek bestelako web guneen artean, zerrendan gora egin dute.


Sport eta El Mundo Deportivori katalanezko edizioa eskatu diete

Plataforma per la Llengua elkarteak Marca un gol per la llengua izeneko kanpaina jarri du abian. Elkartekoek web gunean (www. plataforma-llengua.cat) adierazi dutenez, futbol talde katalanek lortutako arrakastak baliatuz, Bartzelonan gaztelaniaz argitaratzen diren bi kirol egunkariri, Sport eta El Mundo Deportivori, katalan edizioa argitaratzeko eskatuko die. Horretarako katalanei gonbidapena luzatzen diete eskutitzez zein e-postaz bi egunkari hauetara eskaera bidali dezaten.


Elortzibarko ikastola motel

Elortzibarko Ikastolaren Batzordeak hiru urte daramatza Noain-Elortzibar udalerrian (Iruñea hegoaldea) ikastola eraiki nahian. Ez du erraza izan orain arte, batzordeak berak zabaldu duen oharrean irakurritakoaren arabera. Bi urtez aritu dira ikastola kokatzeko toki bila eta likidotasun berehalakorik ez izateagatik eskaintzek ihes egin diete. Une honetan ez dago lur sail eskuragarririk udalerrian. 0-3 zikloa ere prestatu nahi dute, baina araudia betetzen duen lokalik ez dago udalerrian.