Bake prozesuaren errepide mapa eginda ez balego, oso artega jartzeko moduko egoera batera iristen ari garela pentsa zitekeen, nagusiki su-eten iraunkor batekiko espero zitezkeen zenbait keinu ez direlako ikusten, batez ere presoak eta eremu judizialaren eremuetan. Baina errepide mapa bat egon badago, eta oso zail da interpretatzen gertatzen ari den keinu gurutzaketa diseinatutakoarekin bat datorren ala ez. Baietz dirudi, hala ere. Jose Luis Rodriguez Zapaterok ekainean ekingo dio ofizialki ETArekin hitz egiteari, baina horrez gain, euskal politikan, lehen lerroko gaia alderdien mahaiarena da. Kontua da publikoki bederen Madril ari dela administratzen prozesuaren denbora eta mahaiari dagokionez, orain arte nola jokatu den ikusita, zuzenagoa da pentsatzea irailean baino abenduan osatuko dela. ETAk eta Gobernuak hitz egingo dutena eta alderdien artean hitz egin behar denaren artean denbora utzi nahi dela alegia. Bitartean, logikoena litzateke espetxe politikan eta Batasunako buruzagiekiko jazarpenean ikusgarriak diren keinu positiboak gauzatzen hastea.