Montenegroarrek baiezkoa eman diote independentziari. Haien kontua da, jakina, baina baita Europako estatu gabeko beste nazio batzuena ere, batez ere Europako Batasunak autodeterminazio erreferendumaren antolaketan izan duen partehartzeagatik. Gaur gaurkoz eta zeharka bada ere, arautua geratu da parte hartze zehatz bat ezinbestekoa dela eta estatu batetik bereiztearen aldekoek bozen %55 gainditu behar dutela. Europako Batasunak, halaber, Jugoslavia ohiaren desegitean izan zuen jarrera lotsagarria apur bat leundu du Montenegron izandako partehartze honekin.