Hariztiak (Quercus robur) itzali du zerua. Hostoz bete du burua eta azpian dituen txilar, gorosti, gisats eta abarrek haritzetik haritzerako zirrikitutik jasotzen duten errainu bakanekin etsi behar.
Artea (Quercus ilex), urte guztian beltza dena zuritu da. Lur lehorretan ur gutxirekin bizitzera ohitzeko hostoak gorostiarenak bezain gogorrak ditu eta ilunak, beltzak. Hosto hauen gainean aurtengo kimu berriak hazten ari dira, guri-guri zuri. Ondo berea duen aurtengo beroari harrera egiteko soineko zuria...
Ametza (Quercus pyrenaica) gorri da. Artea eta erkametzaren (Quercus faginea) lurralde lehor hotz beroak eta haritzaren lur epel mardulen tartekoa da ametza. Neguan hostaia galtzen du eta arteak bezala, beranduko izotzen beldur, bero handiak etorri arte ez du puja berririk emango. Puntta berri hauetako hostotxoak mutturrean gorri bizia eta gainontzean zuria den bilo trinko batek estaliak azaltzen dira. Inguruko zuhaitzak eta zuhaixkak erabat berdetuak diren sasoi honetan ametza nabarmen.
300 eta 1.000 metro arteko garaierako sailetan bizi da gustuen ametza. Amezti politak ditugu Imotz eta Atetz bailaretan, Baztanen, Malerrekan, Bortzirietan, Urkilla-Elgean, Gorbean... denetan ederrena, inongo ederrenetakoa, Izki Parkeko mendietakoa da. Ikazkintzan, su-egurretarako, burdinbideko trabiesetarako, ontzigintzan eta bazkatzeko ezkurretarako erabili izan da ametza.
Piriniotar izena jarria du ametzak baina mendiotan Luzaidetik ekialdera ez omen da... Auñamendiak Kantauri itsasoan murgiltzen diren txokoa berezia da, ordea, ametzarentzat. Piriniar kultura zaharraren bereizgarri dira mairu-baratzak edo cromlechak eta mendebalderagokoenak diren Aitzazate eta Mendizorrotz baratzak zaintzen ditu ametzak, itsasoari begira ametsetan.