Nafarroa, eskuindarren lubakia

Eusko Autonomia Erkidegoa galdutzat jotzen dute, baita Katalunia ere. Nafarroa ez, ordea. Nafarroa izanen da Zapateroren asmoei gogor egiteko lekua, borroka tokia. Izan ere, espainiar nazionalista guztien ahaleginak Nafarroan uztartuko dira Espainiari eusteko eta, behin Nafarroa gorrien eta abertzaleen batasunetik salbaturik, errekonkista berriari ekiteko. "Nafarroa galtzen badugu, akabo Espainia" diote behin eta berriz, han eta hemen, Espainiako nazionalismo ilunenari arnas berria eman nahi diotenek. Ez litzateke lehen aldia izanen.

Iduri luke Miguel Sanz dela oldarraldi berri horretako buru eta gidaria, bere buruarekin lehian ari baita, egunez egun, gero eta handiagoak botatzen. Azken finean, bere alderdiak Nafarroan ezarri duen moldea dago jokoan, eta hortxe ari da Nafarroa gora eta behera, gure herrialdearen izena etengabe aho mihitan erabiltzeak salbazioa ekarriko diolakoan. Horretan baitatza aferaren muina. Izan ere, urte sail luzearen ondoren, UPNk ez du batere argi ikusten bere etorkizuna urtebeteren buruan eginen diren hauteskundeetan. Jakin badaki nafar gizarteak Diputaziotik kanpo uzten ahal duela, horrek dakarren guztiarekin. Horregatik, espantuka ari dira eta beldurra zabaldu nahi dute gizartean: "Nafarroa arriskuan dago", "euzkadianoek beren hatzaparretan harrapatu nahi gaituzte, gure lurraldea errausteko", "Zapaterok Nafarroa saldu du", "Abertzaleak Nafarroako Gobernuan sartzen badira, Volkswagenek Landabenetik alde eginen du"... Halakoak entzun ditugu eta entzunen.

Gainera, ez da kasualitatea Barañaingo astakeria. Iruñerrian antzeko ekintzak gertatu izan dira azken urteotan, Iruñerriko zenbait herritako udal gobernu molde aurrerazaleak hankaz goratu dituztenak. Barañaingo sutea gertatu zen gauean eskuz zirriborratu zituzten Zizur Nagusiko eta Zizur Txikiko euskarazko izen guztiak errepide bazterreko errotuluetan. Alde horretatik, ikerketa ildo nagusiak Espainiako Estatuko diru sektore ahaltsu bat jarri du ikertzaileen susmopean, ETAren indarkeria lazgarriaren bukaerarekin diru galera handia izanen duen sektore bat, hain zuzen ere.

Bertzalde, alderdien artean, UPNek CDNren laguntza osoa izanen du, Alli eskuindarren txotxongilo bihurtu baita azkenaldi honetan. Eta ikusteko dago zer eginen duen Nafarroako Alderdi Sozialistaren atal handi batek, Chivite idazkaritzara eraman zuen atalak, hain zuzen ere. Izan ere, Chiviteren alde ateratakoen artean denetarik dago, denetarik salbu eta euskararekiko sentiberatasunik apalena duen jendea. Geroak erranen du ea Zapaterok makurrarazten dituen, baina ez dirudi eginkizun xamurra Felones, Iturbe, Jimenez, Cabrero (UGTkoa idazkaria) eta horiek guztiak soka motzean lotzea, UPNtik oso hurbil daudelako. Dena den, hasi beharko da hizketan PSNko atalik aurrerazaleenarekin eskuindarren altzo pozoitsutik ateratzen laguntzeko.

Batasuna, bere aldetik, bozen prestaketak bake prozesuaren mesedetan atzeratu behar direla predikatzen duen bitartean, aspaldian ari da hauteskundeak buru-belarri prestatzen, gogoz baitabil erakunde ofizialetara itzultzeko. Eta berak bakarrik egin nahi du itzulera, ele ederrez alderdiren bat edo bertze limurtzen saiatzen ari bada ere. Bitartean, UPNen eta hemengo botere faktikoetan egiazko beldurra eragin zuen koalizioa -2004ko hauteskunde orokorretan izaniko arrakastari esker- hasia da aurrerapausoak ematen barne egitura finkatzeari begira. Nafarroan aldaketarik izanen bada, Nafarroa Bairen indarra beharko da. Eta hori egunez egun eraiki beharko dute alderdiek eta koalizioan dauden bertze taldeek, modu horretan Nafarroa Bairen base sozialen nahiarekin bat egiteko. Ez da lan erraza, baina, eskarmentu handiko jendea izanik eta, Nafarroa gogoan, jende aunitzek espero du koalizioari behar bezalako sendotasuna ematea, Nafarroa Bai aldaketa politikoaren egiazko eragile izan dadin. Bertzela erranik, eskuindarren lubakia -gotorleku gaitza- behingoan hausteko.


ASTEKARIA
2006ko maiatzaren 21a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude