Ihesi: Karakatetik Euskal Herria ikusten da


2006ko maiatzaren 21an
Euskal Herrian udal asko daude mendien magalean eraikiak. Elgoibar ere horietakoa da. Areago, mendien magalean baino gehiago, mendi hainbatek osaturiko zirkuluaren erdigunean dago. Ez zen alferrik sortu 1927an Plaza nagusitik, Foruen Plazatik, abiatuta Elgoibarko Itzulia deiturikoa.

Herriko zenbait koadrilaren artean pizturiko eztabaida batetik sortu zen egun mendi itzuli ospetsua dena. Mendiz Elgoibarri 12 ordutan itzulia ematea ez zela posible zioten batzuek, baietz besteek. Alkateak, horren lekuko izan zela-eta, Elgoibarko Futbol Klubari lehia antolatzea proposatu zion. 1927ko abuztuaren 7rako jarri zuten hitzordua parte-hartzaileek. Goizeko lauretan izan zen meza berezia eta bostak eta laurdenetan Antonio Arrillaga alkateak eman zion hasiera itzuliari.

Horrela sortu zen Elgoibarko Itzuli ospetsua, eta ordutik urtero antolatu dute. Maiatzeko azken igandean ehunka elgoibartarrek egiten dute 38 kilometroko ibilaldia. Ingurukoak ere gero eta gehiago biltzen dira hitzordura, askorentzat lasterketa ere bihurtu baita. Hauxe da ibilbidea:


Elgoibar, mendiz mendi

38 kilometroko ibilbidea Foruen plaza dotoretik abiatuta egingo dugu. Karakaterantz joko dugu lehenik. 742 metro garai den gailurreraino ez dugu atseden hartzeko betarik ia batere izango, maldan gora egitea, beste biderik ez dugu eta. Gora iritsita, ordea, nekeak uxatzeko moduko parajea begietsi ahal izango dugu. Aizkorriko mendilerro ikusgarria atzean, Anboto inguruak ezkerraldean. Eta nola ez, gure ibilbidean jomuga izango ditugunak: Kalamua, Morkaiko eta Bigoin parean, eta eskuinalderago Urnobitza. Baina oraindik goiz da, eta bide luzea dugu egiteko. Horregatik, gehiago luzatu gabe, goazen aurrera. Karakateko bizkarraldetik Irukurutzeta gaineraino egingo dugu. Aurretik baina, Kortazar/Munetak (749m) emango digu arreta mendizaleoi, tumulu eta dolmen ugariko eremua baita. Atxolin ingurura zaldi eta ardiek lagundurik, zuhaitz eta loreekin egingo dugu bidea. Horiek zaintzen dituzte Karakateko parke naturalaren sekretu hauek guztiak.

Belar gozoko bidean aurrera egin eta, ia maldarik batere igo gabe, Irukurutzetara iritsiko gara. Baina lasterka kuku egin eta mendebalderako bidea hartuko dugu, Azkarate gainera jaisteko. Honezkero, ordu eta erdiz ibili gara eta tartean hamaiketakoa prest izango dugu lehen anoa-postuan. Beherako bidean, Azkarateko gaina izango da gure muga, hemendik aurrera berriro gora ekingo diogu-eta. Urnobitza (643m) gainera bide sastrakatsuan egingo dugu aurrera. Arnasa hartu eta Altzolarako bide lasterra hartuko dugu. Hainbat baserriren atarietatik igaroko gara bidean. Errepidea igarota, Altzolako bainuetxetik gora ekingo diogu berriro. Malda handiko zatia dator orain eta Altzolako urarekin eztarria freskatzea baino sendabide hoberik ez dago!

Bigoin (440 m) gainera malda pikoa dugu egiteko. Eguerdi partea ere izango da hona iristerako eta egun eguzkitsuetan sargori izaten da. Baina hortik aurrera asfaltozko bidean lasaituko ditugu hankak, San Migel auzoan (350 m) berriro mokadutxo bat jan eta indarrak hartzeko. Azken igoerari ekin aurretik, San Migel auzoko pilotaleku ederrarekin eta baserri dotoreekin gozatu ahal izango dugu. Morkaiko (520 m) eta Kalamua (768 m) mendiak ditugu hurrengo helmuga. Orduak aurrera doaz eta oinak nekatzen hasi dira. Bi mendion gogortasuna inguruko ikuspegi ederrak gozatuko du. Kalamuatik alfonbra berde gozoan egingo dugu behera, San Pedro gainera (400 m). Saturiotik (50 m) Eibartik datorren bideari jarraiki, Foruen plazaraino joango gara berriro. Hemen hasi dugu ibilbidea eta hemen amaituko dugu.

Elgoibarko itzulia lehenengoz egin zutenean, alderantzizko norabidean, 8 ordu eta 6 minutu behar izan zituen lehen mendizaleak. Egun erronka handitzat dute batzuek, mendian ibili zale direlako egiten dute beste batzuek. Nolanahi ere, urtero hitzordu berezia da Elgoibarko mendi itzulia.

Nazioarteko Folklore Jaialdia uztailean

San Bartolome eguneko Soka Dantzari eutsi nahian hasi ziren garai bateko elgoibartar dantzariak. Horrekin batera, ordea, euskal dantzak eta Euskal Herriko kultura eta folklorea herritarrei helaraztea izan dute helburu. Horretarako, Elgoibarko dantzariak ez ezik, Eibarko eta Debakoak ere biltzen dira sarri Elgoibarrera. Urtean zehar makina bat saio izaten dira Haritz Euskal Dantzari taldearen eskutik. Besteak beste, aipatzekoa da Nazioarteko Folklore Jaialdia. Uztaileroko hitzordu bihurtu da eta Elgoibarko dantzariez gain nazioarteko hainbat talderen emanaldiak izaten dira. Aurten esaterako, Argentinako Ballet konpainia eta Koryakiko Ballet Nazionala (Kamchatka) izango dira bisitari. Horrezaz gain, ospetsua da oso abuztuaren 24an Elgoibarko jai nagusietan egiten den soka-dantza. Euskal dantza tradizionalean, elementu aberatsa da soka-dantza. Elkarri eskutik helduta dantzatzen dira neska-mutilak. Jasotako datuen arabera, Elgoibarren, 1931-37ko errepublika garaian dantzatu zen lehenengoz, nahiz eta XIX. mende amaieran dantza honen zantzurik ere topatu duten batzuek. Gipuzkoar eta bizkaitar erak uztartzen dituen dantza-moldean aritu ziren orduan elgoibartarrak, Pujana maisu handiaren gidaritzapean. Herritar gehienak biltzen dituen emanaldia izaten da ordutik Elgoibarren. Iraila inguruan bestalde, San Migel auzoko jaietan izaten da dantza-saioa.

Kale barrokoetara itzulia

Arkitektura ikusgarriaren erakusgarri da herriaren erdigunean, udaletxeak eta San Bartolome elizak osatzen duten monumentu multzoa. Horren osagarri dira inguruan dauden udal pilotalekua eta portikodun etxe antzinatiko bat.

San Bartolome eliza: XVII. mendekoa da. Latindar oinplanoko gurutzea, gurutzaduradun kupula eta erretaula neoklasikoa ditu. Horma ertzak eta kontrahormak eraikitzeko harri landua erabili zuten. Aurrealdearen erdian dorre barroko bat dago, eta alde banatara arkupea. Barrualdean, aipagarria da Erretaula Nagusia, estilo neoklasikokoa.

Elgoibarko udaletxea ere barroko garaikoa da, 1724 eta 1737 artean berreraikitakoa. Harlanduzko aurrealdea du eta bi solairutan dago banaturik. Beheko solairuak puntu erdiko bost arkuz osatutako arkupea du. Solairu nagusian burdina landuzko balkoiak daude. Monumentu izendatuta dago. Eraikinaren zabalera osoa hartzen duten burdina landuzko balkoi zabalek dotoretu egiten dute aurrealde osoa.

Altzolatarren dorretxea Nafarroa plazan dago, San Frantzisko eta San Bartolome herriko kale nagusiek bat egiten duten lekuan. XVI. mendeko hiri dorrea da. Arku zorrotzak, leiho konopialak eta bestelako arkitektura elementu deigarriak ditu. Ertzeetan garitoiak ditu edergarri eta ate nagusi dotorearen gainaldean harrizko teilatu-hegala. Etxe honi buruzko lehen berriak XIV. mendekoak dira. Egun Elgoibarko kultur etxea da.

Elgoibarko Foruen plazara biltzen dena harridurak hartuko du agian, lurrean, harri griseko harlauzekin batera, tarteka, gorri distiratsukoak ikusiko baititu. 1989an plaza egokitzeko egin ziren azken obretan deskubritutako Olaso dorretxearen hondarren aztarnak dira horiek. Garai batean Olaso dorretxea zena non zegoen eta haren hormek nolako sendotasuna zuten islatzeko jarri ziren lauza gorriok. Hori horrela izanagatik, Olaso hilerriko portikoa ez da bigarren mailako artelana, antzinako San Bartolome elizaren hondar bakarra baita.

Hirigunetik kanpo, Altzolako bainuetxea dago. XIX. mendean ezagun egin zuten hango ur termal eta gaziek.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude