argia.eus
INPRIMATU
Estrabonen eta Plinioren trena
Luis Alberto, 'AmatiƱo' Aranberri 2007ko otsailaren 21a

Orain bi mila urte Estrabonek Akitania eta Iberiaren arteko ibia aipatu zuen eta Pliniok, berriz, Tarraco eta Oiarsoren arteko kaltzada. Mila urte inguru geroago, Karlomagnok, goitik behera, eta erromesek, Santiagora bidean, antzekoa egin zuten. Zer gerta ere, euskaldunok betidanik egon gara apopilo bidegurutze honetan eta, orain arte behintzat, inor gutxik egin du alde egiteko plantarik.

Esanak esan, bi mila urte geroago nekez irudika dezakegu Paristik Sevillara eta Bartzelonatik Bizkaiko Golkora bitarteko tren-maparik Euskal Herria gogoan hartu gabe. Erronka, beraz, bat besterik ez da: nola arraio nazioarteko sare luzeen premiak eta euskal gizarteak behar duen intercitya egitasmo bakarraz uztartu?

Sei mila milioi euroren aurrekontuaz, abiada handiko trenaren egitasmoa da sekula Euskal Herriaren historian zehar egin den inbertsiorik handiena eta euskal geografia osoa barnegituratzeko oinarriak jartzen dituen lehena. Bost euskal hiriburuak inork inoiz uste baino hurbilago bilduko ditu eta gure hiru esparru politikoak errotik elkarraraziko.

Ordainketa bete-betean espainiar ogasunaren bizkar izateagatik egitasmo hau "espainiartzat" baztertzen dutenak oraindik ere leize-zulo politikotan bizi dira.