argia.eus
INPRIMATU
Bihotza behar bezala elikatzeko
Jabier Agirre 2006ko maiatzaren 21

Jan-neurri mediterraneoaren mesedeak askotan aipatu ditugu. Gaurkoan gaixotasun kardiobaskularren kontrako borrokan egin ditzakeen mesedeak ikusiko ditugu. Gaixotasun kardiobaskularrak dira, hain zuzen ere, gurea bezalako gizarte garatuetan heriotza guztien % 40aren arrazoia. Eta aditu guztiek goraipatzen dituzte fruitu lehorrak gaixotasun koronarioetatik babesten gaituztelako. Eta baita zuntza ere, kolesterol maila gutxitzen duelako. Bestetik, gauza jakina da opilgintzako produktuetan, aurrekozinatuetan, patata frijitu industrialetan eta margarinetan dauden koipeak lotuago daudela arrisku kardiobaskularrarekin beste koipe batzuk baino. Beraz, gomendio orokor bezala, janari aurrekozinatuak, gantz industrialak eta zapore-indartzaileak baztertu, eta jan-neurri mediterraneoa, koipe gutxi duten esnekiak, oliba-olioa, arraina, fruta eta berdurak, eta produktu freskoak bultzatu behar genituzke, gure bihotza zaintzeko.

Adibide soil batekin hobeto ulertuko delakoan, eguneroko dietara intxaur batzuk gehitzeak bihotza babesteko nahikoak diren Omega 3 gantz-azido poli-intsaturatuak eransten dizkio. Horixe frogatu dute Australiako Wollongong Unibertsitateko ikertzaileek: intxaurrak egunero kontsumitzeak gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitu omen dezake, batez ere 2. motako diabetesa duten gaixoetan. Journal of the American Dietetic Association aldizkari ospetsuak argitaratu duen ikerketaren konklusioa zera da: "egunero zortzi-hamar intxaur kontsumitzeak koipe-mota horren eguneroko kopuru gomendatuak estaltzen ditu, bestelako kontrako eraginik ekarri gabe".

Intxaurraren eragin mesedegarriak pertsona diabetikoek berez duten gaitz kardiobaskularrak jasateko probabilitate handiagoari aurre egiten dio. Diabetesak esan nahi du odoleko azukre-maila behar lukeena baino askoz ere altuagoa dela. Odolean azukre gehiegi edukitzeak gorputzeko beste atal batzuk ere honda ditzake, horien artean odol-hodiak. Diabetikoentzako bezalaxe, intxaurrak gaixotasun kardiobaskularrei aurre hartzeko modu egokia dira gainerako biztanle guztientzat ere.