argia.eus
INPRIMATU
Fito Rodriguez: «Nik ez dut uste filosofiaren zeregina egia bilatzea denik»
Pilar Iparragirre 2006ko maiatzaren 14a
Nola aurkeztuko zenuke Jeu de Paume?
Hiru hitzekin. Lehena da adi-adi egotea. Zergatik? Bizitzan, gizakiak izateko, animaliak izan behar garelako. Eta animaliak erne daude, behar ere. Bestela abereak dira. Eta ez dakit gu abereak izango garen edo animaliak, baina nik nahiago dut animalia izatea abere baino, eta orduan erne egon beharra dago. Eta hortik adiera dator, pentsamendua »sentitzearena, eta horretarako literatura eta idazkera»; hau da, zernolako zentzua aurkitzen dugun adiera bakoitzaren azpian.

Zer esan nahi duzu horrekin?
Gauzen zentzua aurkitzea. Izan ere, nik ez dut uste filosofiaren zeregina egia bilatzea denik, edo zoriontasuna, edo etikaz zer den ona, edo estetikaz zer den ederra. Denean zentzua bilatu beharra dago.

Hiru hitz aitatu dituzu. Zein da hirugarrena?
Adiskidetasuna. Badaude pertsona batzuk esaten didatenak: «beltza jarri!». Eta ez dakit dioten hondartzara joateko beltzarana jartzera, edo zer esaten didaten. Batzuei ez diet ezer ulertzen, gauza sinpleena esanda ere. Eta beste batzuekin, berriz, esaten didatenean homofoniaren azpian ezkuta daitekeen harabidea, diot: ez nago batere konforme, baina ulertzen dut. Hori da adiskidea. Adibidez, Txelis, liburu honetako sarrera egiten didana; gauza askotan eztabaidatu, ikuspegi ezberdinak eduki genitzakeen, baina ulertzen dugu elkar! Adiskideak gara. Adiskidea dut ere Txalaparta; eta Fundación Rodriguez, Konkordia Bila saiakera honen aurrekaria sarean zintzilikatu zuena.