argia.eus
INPRIMATU
Familiarra izan zena
IƱaki Murua 2006ko maiatzaren 14a

Behin batean, Zarauzko neska bat han omen zihoan hondartzan sekulako mutil katxarroa alboan zuela, denen begien miran eta, beroa ere izugarria nonbait, hurbildu da hondartzako txiringito batera, freskagarriak eta horrelakoak saltzen dituzten horietako batera. Salmentan ari zen mutila ezaguna eta, honela eskatu omen zion:

- Aizu, emadazu Coka Cola freskoa eta handia, e, handia.

- Zer, familiarra?

- Ez, hondartzan gaur ezagutu dut baina egundoko egarria omen dauka eta...

Garai ez hain urruneko "familiarra" egungo botiloi bihurtu zaigu; lehengo ezaguna egungo arrotz; familian egunerokoa zena noiz behinkako. Baina bai orduan eta bai gaur modukoena izaten jarraitzen du, eskuragarriena, merkeena. Lehen familiakoa zena orain galaraztea zentzuzkoa al da?

Harrituta utzi nau zenbait udalen jarrerak ez kalean eta ez parkean egiten ez uztearekin. Gainera, ehunka udaltzain eta ertzain bidaltzeaz gain, alanbre hesiak jarri eta hurrengo eguneko egunkari ia denetan alkatearen esana goi buruan: "botiloiak ez zuen inongo arrakastarik izan, ia inor ez zen bertaratu" Horixe besterik ez genuen falta, debekatu, hesitu, aurkako bandoz eta poliziaz josi eta gainera milaka lagun festa giroan ibili zela irakurtzea! Inteligentziari barre egiten ari dira.

Baina ba al du zentzurik debekuak? Herriko festak ere debekatuko al dituzte? Eta Herri Urrats, Kilometroak, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Oinez... nola onar daitezke, babestu eta politiko beroriek jendaurrean harro agertzeko gune izan? Ez al dira egun horiek iniziazio egun eta ez al dira gurasoak ere beren seme-alaben lehen moxkorra edo kolokoia han izan dela jabetu? Bai horixe, jabetu ez ezik baita eurek aitortu ere. Orduan zertara dator desberdintasun hauek egitea? Alarma hau dena premiarik gabe sortze hau? Gure kezka hain benetakoa baldin bada, gogoeta egin dezagun zergatik ez ditugun itxi behar taberna eta jatetxe denak eta herri jaiak galarazi eta hainbat etxe eta, deskuidatzen bazara, baita hainbat lantegi ere.

Kanpotik, eskuko telefono edo segapotoz pasatako deiari erantzunez antolatutako jarduna delako egiten al zaigu hain gorrotagarri? Ezezagun?

Gure semeak, hau komentatzen hasita, esan zidan: "aitte leku horita españolito batzuk besteik eztie juten!". A, horregatik baldin bada, igual denbora asko baino lehen gure herri honetako eskuinetako bat botiloia familiarra kontsideratzen hasiko da eta kanpainak egingo ditu bere alde.

Izan ere, zer du txarra botiloiak, alkohola eta beste drogak eskura -eta ahora- dituztela gure gazteek? Eta bestela ez al dituzte ala? Auzokoak musika altuegi jarrita molestatu egiten dituztela? Herritik urrutiena dagoen parkean jarrita ere bai? Eta tabernek ez ala? Zenbait tokitan inmobiliarietako jendeak botiloia baliatu duela auzokoak desesperatzeko, alde egitera iristeraino, gero hustutako etxeak merke erosiz? Horrela, komeni zaizkien auzoak husteko bitarteko izan dela eta batzuk negozio borobila egiteko? Adin txikikoek ere alkohola eta beste, inongo eragozpenik gabe kontsumitu ditzaketela? Bueno, eta botiloirik gabe ez ala?

Nik ulertzen dut tabernariek berena defendatzea. Baita politikoek ahalik eta zerga gehiena kobratzeko modua egitea ere, baina gazteen ekimeneko autoantolaketa mota guztiak zapuztu nahi hau ez dakit zergatik den. Gaztetxeak erabat itxi eta udalak antolatutako gazte-lekuak irekitzeko joera hau ez dakit zergatik izan behar duen hobea eta jatorragoa. Norbera arduratuz antolatutakoa ez al da ba interesanteagoa? Ez al ditugu nahi gazte arduratuak eta arduratsuak? Nola hezten da pertsona askatasunean eta ardurei erantzuteko heldutasunean, koskorrak hazi arte titiko umea bezala tratatuz? Helduok esandakoa eginaraziz? Adostasunez jokatzen nola irakatsi nahi diogu, gurea inposatuz eta norabidea hesituz? Horrelako gazteak nahi eta behar al ditugu?

Gainera, askotan esaten dugu egungo tabernetako giroan ezin dela elkarrizketarik gauzatu, elkarri belarria jan beharrean hitz eginda ere ez dagoela gauzak taxuz adierazteko modurik egiterik. Bestalde, multinazionalek saldu nahi diguten musika globalizatzaile eta mezu alienatzailez jositakoa entzun beste erremediorik ez dagoela.

Hemen aukera paregabea erromeriak berreskuratzeko, tertulian orduak pasatzeko mendi magaletan inor molestatu gabe Ez Dok Amairu-ren garaietan bezala.

A, haiek batzuk inkisizioak eta bestea Francok galarazten zituztela...