Nola deskribatuko zenuke Nafarroako Artizarra?
Ondo pentsaturiko liburua da. Nobela historikoen gainean egindako hausnarketa literario bat, ez teorikoa, fikziozkoa baizik. Liburu postmoderno bat da, horrelakorik euskaraz ez zegoenean idatzia, euskaraz ere dibertimentua eta jolas intelektuala elkartu zitezkeela erakusteko. Historiari egindako burla bat da, ostikada txiki bat, ohiko nobela historikoei mihi ateratze bat.
Zergatik egin diozu burla?
Izan ere, eta dagoeneko garbi aski dakite honetaz idazle, aditu eta kritiko literario askok, ez da «nobela historiko» deitu daitekeen horrelakorik, ezta hurrik eman ere. Liburu bat nobela da (fikzioa) edo bestela historia da.
Baina zure nobela honetan datu historiko ugari agertzen da...
Bai. Erdi Aroko urte askotan, urte luzeetan, Lizarra, Tutera eta antzeko hiriak eredugarri izan ziren kultura eta bizikidetasunean, eta horren urraketa, amaieraren hasiera kontatzen dut nik, denbora eta espazioarekin jokatuz ia gaur egun arte protagonistetako bat ekarriz. Alde historikoa eta alde ludikoa uztartu egiten ditut, eta horretarako bertan aurki daitezkeen anakronismoak apropos daude jarrita. Bi pertsonaia nagusi diferente ditu. Bi aukera, bi egoera ezberdin, gertaera historiko zehatz batetik hasiz bitan adarkatzen joango direnak. Nobelaren zati bat serioski har daiteke; bestean, ordea, alde ludikoan, zerbait harrigarri, dibertigarri, histrioniko dago nagusiki.