argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2006ko maiatzaren 07a

Rosa Valverde (Donostia, 1953) artistak erakusketa zabaldu du Izurako Haize Berri kultur etxean. Maiatzaren 28a arte Valverderen obrako berrogei margolan ikusi ahal izango da.

Javier Zubimendik idatzitako Kastillako dorreak antzezlana estreinatu dute 140 hernaniarrek. Kartzelaren izugarrikeriari buruzko antzezlana da. Zuzeneko musika, grabatutakoa, dantza garaikide eta tradizionala... entzun eta ikusi ahal dira ikuskizunean. Rol nagusiak Ander Lipusek eta Iñigo Aranbarrik jokatzen dituzte. Oraingoz Hernanin antzeztu dute baina ez dute baztertu herritik kanpora egitea.

Atomoogk musika talde gasteiztarrak Zerutik eskegita diskoa plazaratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Duela zortzi urte jaiotako taldeak trip-hopa, elektronika eta rocka nahasi ditu diskoko hamabi abestietan. Zazpi abesti euskaraz abestu dituzte, bat ingelesez eta beste lau instrumentalak dira.

Ados antzerki taldeak Fernandor Trías Bes ekonomialariaren El vendedor de tiempo saiakera antzerki musikal bihurtu du eta maiatzaren 4tik 7ra estreinatuko du Donostiako Antzoki Zaharrean. Besteak beste, Lierni Fresnedok, Ainhoa Aierbek eta Koldo Losadak egingo dituzte aktore lanak.

Xabier Mendiguren Elizegik lau ipuin luze edo lau nobela labur bildu ditu Arima enkoniatuak (Elkar) liburuan. Egileak aipatu duenez, emakumeen psikologian barneratzeko saioa egin du ipuinotan.