Azken bi hamarkadetan zehar, boteretik eragindako presioaren ondorioz, feminismoa ideologi eta borroka negatibizatua bihurtu da, gutxietsia. Aitzitik, feminismoa egunerokotasun handiko ideologia da, sexua oinarritzat hartuta, jendartearen antolakuntza hierarkikoen inguruan teorizatu eta bizi eredu berriak aldarrikatzen dituena. Eraldakuntza du helburu, parekidetasunean oinarritutako jendarte bateranzko eraldakuntza. Euskal feminismotik, berriz, beste aldagai bat barneratzen dugu, euskaldun izaera eta honek mendeetan zehar sorturiko injustiziek emakumeengan, gure kultura eta bizi moduetan, izan duen eragina.
Egun dugun sistema soziala, sistema patriarkal bezala definitzen dugu. Boterea beti egon den tokian mantentzeko sortutako engranaje honetan sexuen arabera rol desberdinak ezarri zaizkigu, emakumeoi egoerarik txarrenak pairatzea inposatu zaigularik.
Patriarkatuaren existentzia inoiz ez da beste sistemak bezala kaleratua izan, ez da historia liburuetan ageri eta ondorioz, ez da urteetan zehar jendarte antolamenduan izan duen eta izaten jarraitzen duen eragina aztertua izan.
Sistema patriarkala ere mendeetan zehar bere eraginguneak eta formak aldatzen ari da. Esaterako, lehen elizak jokatzen zuen paper erabakigarria egun ez da hain indartsua, eragina izaten jarraitzen badu ere. Berdintasunean bizi garen sinesmena hedatzen joan den heinean, patriarkatuaren eragiteko formak ere sotilagoak bihurtzen ari dira eta instituzioek paper oso garrantzitsua jokatzen dute beronen biziraupenean.
Instituzioetatik berdintasunaren diskurtsoa zabaldu eta orokortu da, lan mundura salto egin eta ikasketetarako eskubidea izatearekin guztia lortua dagoela sinestarazi dio egungo jendarteari eta emakumeei batez ere. Borroka feministaren ildoak instituzionalizatu eta beronen gainbehera eragin zuen. Baina genero desberdintasunen aferari ebazpen integralak eman beharrean partxeak jartzera mugatu da, irakurketa orokorrean ematen diren desdoitze kasuak egoera indibidual izaera hartu dute, finean, ez baita eraginkorra emakumeok egun burutzen dugun ordaindu gabeko lan sozio-ekonomiko guztia azaleratzea.
Jendarteak berriz, ongi baino hobeto asimilatu dugu berdintasunaren kontzeptu hau. Egun emakumeak ez gara zapalduta sentitzen, zapalkuntza egoera zerbait indibiduala bezala ulertzera iritsi gara, guri bakarrik gertatzen zaigun zerbait. Lan mundura eta ikasketetara sarbidea izanda beste guztia kasualitatez tokatu zaigun zerbait bezala hartzera iritsi gara patriarkatuaren tranpan zuzenean eroriz; gutxiago kobratzen dugu, lanetik etxera itzulitakoan dena egiteko egoten da oraindik, amatasunaren inguruko erabakiak gure bizi profesionalaren inguruan hartu arazten dizkigute… baina ez gara kontziente hau guztia emakume izateagatik gertatzen zaigula. Eskubideetan parekatuta bagara ere, gizon eta emakumeok ez dugu tratu berdina jasotzen lege horiek betearaztean.
Mugimendu feministaren erronka izugarria da XXI. mende honetan. Onartu gabe dagoen zapalkuntzaren inguruan zapalduak, hots emakumeak kontzientziatu eta eraldakuntzarako borrokan aurrera pausoak egiten jarraitzea. Izendatzen ez denaren aurrean, mundu guztiak gaindituta dagoela dioen gatazka azaleratu eta gainditzeko bidean eraldakuntzarako oinarriak ezartzea.
Baina jendartean bertan pentsatzen denaren kontrara mugimendu feminista ez da hiltzorian. 90eko hamarkadaren inguruan gainbehera joan eta gutxienekoetara iritsi ondoren, mugimendu feminista eraberritu bat dator aurrekoaren segidan. Emakumeon eskubideen lorpen eta betearaztearen aldeko olatua sortzen ari da Euskal Herriko mugimendu feministan eta eragile aurrerakoien barnean; harreman hierarkikoetan oinarritzen ez den jendarte berri baten eraikuntzan murgiltzen ari gara.
Instituzioek ere badute beraien papera honetan guztian. Beraien baliabide ekonomiko eta sozial guztiak desberdintasunekin amaitzera bideratuta planteamendu integralak egiteko eskaera gero eta nabariagoa da. Instituzioen lana da finean, emakumeon eskubideak errespetatuak direla bermatzea.
Borroka feminista bizi da eta Bilgunea dugu honen adierazgarri. Lau urte martxan daramagun eragile gazte baina sendo honetatik argi dugu bidea kontzientziazioa eta elkarlanak izaten jarraitzen dutela, metodologia eta elkarreragin berrituekin. Egun dugun jendartea ez da boteretik irauliko, emakumeok gure eskubideen lorpenean markatzen ari garen bidea da oinarria.
Historia osoan zehar emakumeoi bahitutako izaera berreskuratu eta jendartea irauliko dugu, pauso txiki zein ertainak emanez, Euskal Herri parekide eta anitza marraztuko dugu feminismoaren etorkizunean.