argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2021eko uztailaren 19a

Hasier Etxeberria idazle eta kazetariaren hitzok jaso zituen Garak: «Iruditzen zait kritika erabiltzen dugula euskal literatura bat benetan balego bezala funtzionatzeko. Eman ezin diezaiokegun legitimazio baten bila gabiltza kritikaren bitartez (...) Euskal hedabideetan publikatzen den kritika oro har oso luzea da. Eta oso epela. Kritikoaren luzimendurako egina, eta zein jator eta zein artaldeko den erakusteko. Benetako pasiorik ez dut ikusten. (...) Kritiko erreferentzialak falta zaizkigu».

Deabru Beltzak antzerki taldeko Garbitxuk adierazpenok egin zizkion Ukri: «Mundu mailako eskarmentua lau urtetik honakoa da. 2005ean, zehazki esateko, gure konpainia izan da herri eta hiri gehien bisitatu duena. Horrek erakusten du, besteak beste, Euskal Herria bezalako herri txiki batean antzerkia egin egiten dela eta antzerki hori kalitatezkoa dela».

Jokin Elorza Sei Urte taldeko musikariak Matrakari: «Orain ematen du autogestioa dela taldeen ia-ia irtenbide bakarra. Gainera, disketxe gutxiago badago, bertan sartzeko aukerak ere murriztuz doaz. Autogestioa da geratzen zaiguna. Baina hori ondo dago, talde guztien utopia izan da beti, hau da, norberak egitea ekoizpen guztia. Orain egoerak behartuta gauzatzen ari da hori, baina guztion ametsa dena kontrolatzea da».