argia.eus
INPRIMATU
Estrukturala
Txema Ramirez de la Piscina 2021eko uztailaren 28a
Izen bat nolabait mugatzen duen hitza dela adjektiboa dio hiztegiak, eta horregatik, mugapen horiexen bila, emango zitzaion hainbeste buelta ETAk bere su-etenaren nolakotasuna zehazterakoan erabili duen iraunkorra adjektiboari. Beste hau edo hura baino gehiago edo gutxiago ote litzatekeen neurtzen saiatzeko prest dagoenik geratzen da. Interesgarriagoa deritzot, nolanahi ere, Joseba Egibarrek, bere hausnarketaren ondorioz agian, erakunde armatuak erabilitako horren sinonimotzat plazaratzen duena: estrukturala. ETAren su-etena estrukturala izango litzateke oraingoan.

Ez dakit martxoaren 22an iragarritakoari deitura berri hau egokitzen ote zaion. ETAren barnean ez ezik gorenean egon beharko nuke segurantziaz iritzia botatzeko, eta ez da hala, noski. Nagoen lekutik, horrelako zerbaiten sustraian koiuntura politiko nazionalaren nahiz nazioartekoaren ikuspegi berri bat, edota bere garaian erakundeko sei kide preso ezagunek idatzi eta modu iskanbilatsuan ezagutzera eman zen gutunean zetzana bezalako hausnarketa estrategikoa egon beharko lukeela deritzot. Eta irakurri ditudanetan ez dut horrenbestekorik ikusi oraingoz.

Egibarrekin bat etorriko nintzateke, ordea, deitura horrekin adierazi nahi duena elkarrizketa berberean ez ezik aipatu adjektiboa bota aurreko esaldian diona berresteko modua balitz funtsean: Trantsizioaz geroztik bizi izan dugunaren aldean guztiz ezberdina izango den eszenategi politikoa zabaltzen duela su-etenak -egonkortzen den adinean, diot nik-, hainbat jende oraindik ohartu ez bada ere. ETAren borroka armatuaren amaierak euskal politikagintzan -eta agian, Espainiakoan ere bai- aldaketa estrukturala suposa dezakeela pentsatzea bidezkoa baino gehiago ezinbestekoa iruditzen zait niri ere. Su-etenaren -eta, kasu, haren zapuzketaren- eragin politiko sakona azpimarratzera letorke gogoeta hori.

Estruktura aipatzean, ordea, ni behintzat ez naiz ari marko juridiko-politikoan pentsatzen, joko politikoaren protagonista diren talde eta estrategien arteko elkarlotura eta oreka dinamikoan baizik. Markoaren aldaketa, izatekotan, beste alor horretako aldaketaren kumea izango baita, eta ez alderantziz. Eta hor bai ikusten ditudala gure politikariak etxeko lanak egin gabe.

Atzeraezinezko su-eten batek ezker abertzalearentzat erakarriko lituzkeen ondorioez gogoetak aditu ditut, baina gehienak oso axalekoak iruditu zaizkidala aitortu behar dut. Aldaketaren ondorio materialetan geratzen da hausnarketa, ia beti. Ez zaio arretarik eskaintzen egoera berriak, ezinbestean, erakarriko dizkien moldakuntza politiko sakonei: estrategiak, aliantzak, barne egituraketa eta lidergoak… Erresistentzia eta mobilizazioa helburu nagusitzat duen oposizio mugimendu bat, demokrazia errepresentatiboaren instituzio eta moldeetan soilik jokatuko duen korronte bihurtzea zein konplikatua den ohartzeko, badira hamaika adibide Espainiako Trantsizioan, edota urrutiagoko beste hainbat herrialdetan.

"Normaltasunaren" joko-zelai horretan zaharragoak direnei ere erronka latzak ezarriko dizkie, ordea, horrelako aldaketa estrukturalak. Urrutiago joan gabe, Egibarren EAJri. GBBko buruak jada zerbaiten errezeloa baduela nabari ikusten da aipatu elkarrizketan bertan, bere burukideetako batzuen buruhauste nagusia izango litzatekeen "matxarda" -Kataluniako ereduari jarraituz, Zapaterok edota PSEko buruek, ezker abertzalearekin elkartuz, jeltzaleak Eusko Jaurlaritzatik kanporatu ahal izateko egin nahi izan dezaketena- aipatzen duenean. Estrategiari dagokionez, gutxienekoa izango da hori, halaz eta guztiz. ETA jardunean izan den bitartean, abertzaletasuna -maila guztietan- eta biolentziari ukoa beste ezaugarririk ez du behar izan EAJk EAEko hautesleriaren zati mardulena bereganatzeko. Aurrerantzean, ordea, hori ez da horrela izango.