argia.eus
INPRIMATU
Estatistikaren zeruan
Sustrai Colina 2007ko otsailaren 21a
Bizitzan, egiak, gezurrak, eta estatistikak daude. Nahi duguna esaten dutenak. Nahi ez duguna arrazionalizatzen dutenak. Beti dute arrazoi. Apaizak bezain kontserbadore, Che Guevara bezain iraultzaile, beti erdibidean, beti bide erdian...
Estatistikak EAJkoak baitira. Komeni denean azaltzen dira. Deseroso daudenean ezkutatu. Koadratzen ez duena borobiltzeko ahalmen izugarria daukate, segurua iragartzeko sena. Egiten baino abilagoak dira egoten, agurtzen bezain trebeak egurtzen.
Egunkarian bizi dira. Iritzian, politikan, gizartean, ekonomian, kirolean, kulturan, horoskopoan... Denetan. Ez dira beti ulergarriak, baina aizue, egunkarian agertzeko ez dago ulergarria izan beharrik.
Euskal Herri osoan daude, denon ahotan, mahai bueltan, jan-edanetik gertu. Elkarrekin zer-ikusirik ez duten arren beti jartzen dira ados. Kontraesanen gainetik, mahaiaren azpitik.
Bai, bai, Estatistikak EAJkoak dira, eta guk, kasu egiten diegu, ez gaixotzeko modu ziurrena medikutara ez joatea dela ahaztuta.