argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2006ko apirilaren 30


Bizileku beroak baino, kiskalgarriak

Paralvinella sulfincola deituriko harra lekurik arrotzenetakoan bizi da, itsas hondoan dauden iturri hidrotermalen ondoan hain zuzen ere. Har hauen portaera eta fisiologia aztertzeko Harvard eta Washingtoneko Unibertsitateko ikerlari-talde batek aquarium batean kokatu ditu aipatu harrak naturalki jasaten duten tenperatura eta presio altuak simulatuz.

Aquarium berezi horretako baldintza fisikoak aktibatu zirenean harrak 45 eta 50 gradu arteko lekuetan kokatu ziren eta hor iraun zuten zazpi ordu baino gehiago. Zientzialarien arabera harrek gorputza tenperatura horiek jasateko prest baldin badute ere, beste arrazoi bat ere badela uste dute: elikadura. Baldintza gogor horietan bizi diren bakterioak jaki goxoa dira Paralvinella sulfincola harrarentzat. Hala ere 60tik gorako tenperaturetatik ihes egiten dute harrek, nahiz eta hainbat bakterio 100 graduko tenperaturetan bizi den.

Itsas azpiko bero hidrotermalen fisika orain 30 urte ezagutzen da eta bertako tenperaturak milaka gradutakoak izaten dira. Materiala sedimentatzen joaten den neurrian tximiniak sortzen dira eta tximinia horien ertzetan tenperatura txikitzen joaten da tximinia handitu ahala. Hain zuzen ere tenperatura 50 gradura hurbiltzen den lekuetan azaltzen dira aipatutako harrak.


Txolarreen populazioa behera

Parisko historia naturalaren museo nazionalak azaldu berri duenez, azken urteotan txolarreen populazioa behera etorri omen da Mendebaldeko Europa osoan. Ornitologoak oso kezkaturik daude, txolarrea gizakiaren bizilekuekin oso loturik baitago.

Arazoa larriena Erresuma Batuan da, bertan txolarrearen populazioa %90 inguru jaitsi baita azken hamabost urteetan eta ondorioz Passer domesticus txoria desagertzeko arriskua duten espezie-zerrendan kokatu da.

Hala ere, arestian esan bezala Mendebaldeko Europa osoko arazoa da txolarreen populazioaren txikitzea. Beste espezie batzuen konpetentzia gogorra? Poluzioak? Gaixotasunak? Uhin elektromagnetikoak (telefono higikorrak)? Ideia hauek guztiak daude zientzialarien buruetan, baina orain arte ez da hipotesi zientifiko fidagarririk aurkeztu.

Hau dela eta, Frantziako zientzialariak mobilizatu egin dira eta Parisen bertan hamar behaketa-estazio prestatu dira txolarreen populazioaren eboluzioa neurtu ahal izateko.
Beraz, datozen hilabeteetan gai honek berri ugari emango dizkigu.