Wikipedia eztabaida gai
Entziklopedia etxe ezagunenetakoa bezain ospe handienetakoa duena da Encyclopaedia Britannica eta zientzi aldizkari ospetsuenetakoa Nature. Azken aldi honetan bi etxe handi hauek eztabaida gogorretan murgildurik daude eta arrazoia Interneten dagoen Wikipedia entziklopedia irekia da. Britannicaren arabera Naturek abenduan Wikipediari buruz argitara emandako txostena ez omen da zehatza eta beraz ezin omen dira bere ondorioak aintzakotzat hartu.
Zein da eztabaidaren arrazoia?
Britannicako artikuluak espezialistek idatzitakoak diren bitartean Wikipediak edozein internautari artikulu baten idazketan parte hartzea baimentzen dio; hau dela eta ziurtatzerik ba al dago artikuluaren kalitatea? Nature aldizkaria baiezkoan dago eta horretarako 50 artikulu aztertu ditu ausaz hartuta, bai Wikipediatik baita Britannicatik eta ondorio gisa zera adierazi du: errore-maila bertsua dute batak zein besteak eta horregatik gonbitea luzatzen zaio komunitate zientifikoari Wikipedian idatz dezan.
Britannicak dioenez Naturek handitu egin du propio topatutako erroreen garrantzia eta Naturek dio ezetz. Beraz, ez dirudi eztabaidak amaiera erraza izango duenik, zeren eta ez baita ahaztu behar interes ekonomiko handiak daudela entziklopedia mundu horren atzean.
2001. urtean sortutako Wikipediaren sustatzaileek hainbat neurri hartu zituzten informazio faltsuak saihesteko eta horrek fidagarritasun-maila handitzea ekarri du.
Aurpegia nortasunaren adierazle?
Liverpool unibertsitateko biologo talde bat aztertzen ari da nortasun adierazle izan daitezkeen aurpegi-ezaugarriak pertsonari erakargarri egiten ote zaizkion.
Orain arte denbora luzez elkarrekin bizi diren bikoteen ezaugarriak aztertu dituzte. Horretarako, saiakeran parte hartu duten hainbat pertsonari bikote desberdinen aurpegiak erakutsi zizkieten bikote zirela adierazi gabe. Lehenbizi emakumezkoen aurpegiak erakutsi zizkieten eta ondoren gizonezkoenak. Saiakeran parte hartu zutenei argazkiko pertsonen ustezko adinari, erakargarritasunari eta nortasunari buruzko iritzia ematea eskatu zitzaien eta emaitzetan konkordantzia handiak topatu ziren, hau da, emakume bati buruz oso "alaia" zela esaten bazen, bere bikotekideari buruz gauza bera esaten zen. Gainera, denbora luzez elkarrekin bizi izandako bikoteen kasuan nortasun-antzekotasuna nabariagoa izan zen.
Hau dela eta, ikerlariek aztertu nahi dute ea nortasun ezaugarriak eta ezaugarri fisikoak erlazionaturik dauden ala ez eta horretarako azterketaren hurrengo etapa ezkongabeen ezaugarriak aztertzea izango da.