Felix Maraña eta Nuria Ruiz Cabestanyk Oteiza tiembla (Oteiza bere dardar minetan) dokumentala zuzendu dute Orioko artistaren haurtzaroaren gainean eta DVDan kaleratu. Dokumental saila osatzeko asmoa dute egileek, beste bost filma bai behintzat.
Korrontzi folk taldeak estreinako diskoa atera du plazara: Korrontzi (Nube negra). Korrontzi trikitilariaren omenez jarri diote taldeari izena eta jakina, trikiti doinuak dira nagusi diskoan.
Xabier Silveirak eskuratu du Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela, bigarren geratutako Estitxu Arozenak baino puntu erdi gehiago lortuta (413). Laugarren aldia da Silveirak Nafarroako txapela eskuratzen duela.
Gorka Salmeron (Legazpi, 1969) Erretratuak erakusketa du zabalik Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxean. Zuri-beltzeko 25 begirada gordinen argazkiak hilaren amaiera arte ikus daitezke.
Ixiar Rozas idazleak hirugarren eleberria plazaratu du: Negutegia (Pamiela). Europako toki desberdinetatik abiatutako hainbat pertsonaia, libre ez den lagun batekin elkartzera doaz. Horixe da egitura berritzaileko nobelaren abiapuntua.