Gloria Totoricaguena: "Euskal Herriko gehienek ez dute emigrazioa ulertzen"


2006ko apirilaren 09an
Kemen handiko emakume adoretsua da Gloria Totoricaguena (Boise, 1961). William A. Douglass historikoak, lehenengo, eta Joseba Zulaikak, ondoren, betetako postuan da. Antropologoak haiek, zientzia politikoetan doktore, aldiz, Gloria Totoricaguena. Inondik ere, bide berri bila abiatu da Renoko euskal zentroa.

Zilegi da helburuen gainean hitz eginez hastea. Zein izango dituzu asmoak datorren hiru urte honetan?
Batetik, Joseba Zulaikak abiarazi dituen proiektuak bururatzeko sosak biltzea. Joan deneko hiru urte honetan hainbat ideia izan ditugu, hainbat egitasmo. Batean edo bestean arrakasta izan dugu: testuliburuetan asmatu dugu, adibidez. Biltzarretan ere bai. Egitasmo horiek sendotzeko, ordea, dirua behar da, azpiegitura, teknologia… arrakasta ziurra izan dadin, arrakasta, eta ez zoria.

Azpiegitura sendotzea, zure lehenengo lana.
Bai. Ikasleak etor daitezen, eta irakasleak, ikertzera. Eta diasporaren inguruko ikerketa-esparruak ere gorpuztu nahiko nituzke. Familia-ondarea dugu lehenengo proiektu handia. Basque Family Heritage da proiektuaren izena eta genealogia-lana da batik bat. Horretarako, 250.000 dolar eman zizkigun Nevadako legebiltzarrak bi urteko proiektua bururatzeko. Horretarako, datu-basea lantzen hasi gara, 1790etik 1930era bitartekoa. AEBetako errolda guztietako datu-baseak kontuan harturik ari gara lanean: AEBetako 56 estatuetako konderri guztietako zentsuak! Datu-baseak aztertzen ari gara, 32.000 euskal deituren arabera. Proiektu itzela da!

Nolako informazioa bilduko duzue hortik?
Oinarria ezarriko dugu, ondoren datozen ikertzaileek non lan egin izan dezaten. Izan ere, hemengo zentsuak detailez beterik daude: «Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu? Nongoak ziren zure gurasoak? Zein eta zein lan izan dituzu? Zenbat balio du zure etxeak? Zein dituzu auzoak?». Informazioa? Pila, eta ez nolanahikoa! Eta informazio horren arabera, jakin dezakegu, halako kaletan, 1880an, bost euskal familia bizi zirela, bata bestearen ondoan. Iparraldekoak nafarrekin batera bizi ziren, edo bizkaitarrekin, edo Arabakorik bazen jakingo dugu…

AEBetako euskaldunen gizarte-erretratu bikaina, orain ez daukaguna.
Horixe. Dena dela, gure lana informazio hori antolatzea da, gero datozenek azterketa burutsua egin ahal izan dezaten. Esentziala da datu-basea zuzen eraikitzea, metodologia zientifikoa baliatuz egitea. Bestela, datu-base okerraren gainean egindako azterketak ez dute ezertarako balioko. Datu-basea, beraz. Proiektuaren zuzendari eta arduradun naiz.

Eta Ahozko historien proiektua? Euskal Herritik hona etorri zirenak zahartzen ari dira.
Ahozko historien proiektua ere sendotuko dugu. Jendearen bizitza, argazkiak, dokumentuak digitalizatu… hori dena hona ekartzeko asmoa dugu, euskal liburutegira. Soziolinguistika proiektuak ere aitzinatuko ditugu Familia-ondarearen eta Ahozko historiaren proiektuen bidez. Horretarako, ikertzaileak beharko ditugu, bere doktoregoa hemen egin nahi duten ikasleak, edo kanpo-lana egin nahi duten irakasleak. Izan ere, horixe da euskaldunek AEBetan utzi dituzten lorratzak biltzeko modu bakarra.

Ondare bizi hori bildu, jendeak jakin dezan, ala? Berria zabaltzeko, alegia.
Eta ez nolanahi. Curriculuma diseinatu nahi dugu, irakasleek eskolan baliatzeko; AEBetako Mendebaldeko ikastetxeetan, behintzat. Eskolako laugarren mailan »bederatzi-hamar bat urteko neska-mutikoak, beraz», legeak estatuko giza zientziak aztertzera behartzen ditu ikasleak. Nevadako ikasleek, Nevada aztertzen dute. Idahokoek, Idaho… Nire asmoa da Mendebaldeko estatuetako hezkuntza departamenduek curriculumaren barruan sartzea inmigrazio gaiak eta euskaldunek estatu horietan izan duten inportantzia, dela kulturan, ekonomian, azpiegiturak egiten, kulturaniztasunean eta abar. Horrek esan nahi du jendea beharko dugula pedagogia ikasitakoa, didaktikan aditua, DVDak egiteko, irakasleentzako curriculum unitateak lantzeko ingelesez…

Euskal Herrian bertan ere bada zerbaiten premia…
Badakit, bai. Eta nahiko genuke Euskal Herriko ikastetxeetan ere curriculum hauek erabiltzea, beraiek ere diasporaren gainean jakin dezaten. Deskonexio beldurgarria dago hango eta hemengo euskaldunen artean eta zubiak eraiki beharra dago. Zubigintzan ari gara bai han eta bai hemen, eta noiz edo noiz bat egingo dute zubiaren bi aldeek, baina gaur gaurkoz, uste dut Euskal Herrian bizi diren gehien-gehienek ez dutela ulertzen emigrazioa, ez eta zergatik nahi duen hemengo euskaldunak identitateari eutsi. Eta latza da. «Identitateari buruzko konplexua dute edo zer?», diote. Beharbada.

Egoera ere ez da xamurra. Atzerrian, emigrante, bi munduren artean zangalatraba bizi beharra…
Hala da. Eta ez da euskaldunen kezka bakarrik. Parte hartzen dugu lan-mintegi batean Israelen, beste talde etniko batzuekin. Bakoitzak atzerrian dituen komunitateekin nola eta zertan ari den lanean jakiteko asmotan biltzen gara. Identitateari eusteko asmotan ari dira denak ere. Askotariko taldeak biltzen gara: juduak, palestinarrak, indiarrak, korearrak, armeniarrak, txinatarrak, tibetarrak, hungariarrak, euskaldunak… bata besteagandik ikasten saiatzen gara. Errubera berriz asmatzen jardun beharrik gabe, bestea zertan ari den aztertu eta nor bere egoeraren arabera imajinatzen saiatzen gara.

Migrazioak, identitateak… beti-betiko gaiak diasporan.
Ikertzaile-taldeak behar ditugu. Urtean doktoregoa egingo duen ikasle bakarra onartzen dugu, ez dugu eta nahiko dirurik hari laguntzeko. Berez, hiru urteko laguntza ematera iristen gara, baina doktoregoak denbora gehiago behar izaten du. Bada, unibertsitate honetako errektoreordearekin hitz eginda nago, esanez 10 doktorego-ikasle nahi ditudala gurean.

Hamar? Bat izatetik hamar izatera jauzi egin nahi duzu?
Horixe esan nion.

Eta berak?
Benetan ari nintzela konturatu zen, eta galdera egin zidan: «Bai, eta nola?». Eta azaldu nion. Eta berriz ere benetan ari nintzela konturatu zen. «Euskal Herritik kanpora hauxe da euskaldunei buruzko ikerketa-zentrorik inportanteena, munduan! Prestigioa ekartzen diogu Renoko Unibertsitateari. Biltzarrak egiten ditugu eta mundu-mailako fenomenoak ekartzen ditugu hizlari. Eta bost irakasle besterik ez gara! Guk beste inork ez du egin hori. Lan eta lan, atsedenik gabe. Atera kontuak zer egingo genukeen hemen hamar doktorego-ikasle edukita. Egingo genukeen lana, eragingo genukeen dinamika, izango genituzkeen emaitzak». Horretan naiz, eta ez dut etsiko.

Zeure interes nagusia alde batera utzita…
Nola-hala. Zientzia politikoak da nire espezialitatea, eta ez diot horri utziko. Atzerriko taldeek beren herrialdearekin dituzten harremanak aztertzen segitzea da nire gogoa. Horretan jardun dut, ari naiz, eta ariko naiz, baina Zentro honetako zuzendariari dagozkion eginbeharrak betetzea dagokit orain.

Ikertzailea vs Administratzailea

Izendatu berri-berri, karguaren arduraz jabetzeko kezkarik ez zuen Gloria Totoricaguenak. Badaki zuzendaritza-lanak aldarazi egingo diola ikuspegia eta, are gehiago, denbora mugak ezarriko dizkiola ikerketa jardunean.

Lehengo batean esan zenidan ez zenekiela zein zen formula egokiena: 'zorionak' ala 'doluminak'.
Ez da galdera makala. Apropos ari ginen, jakina. Ikerketa zentroko administratzaile izateak zera dakar, alegia, pertsona haren helburuak aldatu egin behar duela. Ikertzaile zarenean, zeure erara antolatzen duzu denbora: zeure ikerketaren norabidea, hitzaldi, biltzar eta argitalpenak. Zentroko zuzendari izateak, aldiz, zentroaren norabidea zuzendu behar duzula esan nahi du; ikerketa-proiektuak, hitzaldi, biltzar eta argitalpenak izango dira, baina zentroa da helburu, eta ez norbera. Administrazio-lana dut orain lehentasuna, gainerako ikertzaile eta irakasleentzako erreferente izan beharra. Ikertzaileak bere lanean husten du barrua, hartan jartzen du sormen-gaitasuna. Zuzendariak, taldearen lanak bideratzea du helburu, erakundearen proiektuak abiarazi eta gauzatzea. Askozaz ere ardura handiagoa da, dudarik gabe.

Lanean ikusi zaitut bai hemen eta bai Euskal Herrian. Ez zait iruditzen ikerketari uzteko gai izango zarenik. Barnean daramazu benenoa.
Ezingo nioke ikerketa-lanari utzi. Ezingo nuke administrazio-lan hutsean etsi. Ez dago modurik. Gainera, uste dut liderrik onenak eredu izan behar duela. Horixe du lider izateko bide zuzenena. Gainerako ikertzaileek goi-mailako ikerketak egin ditzaten nahi badut, metodologiarik egokienak baliatzea, ikasleak motibatu eta inspiratzea... hori dena nahi badut, hortik hasi behar dut nik neuk ere, tranpatan ibili gabe. Ez du balio nire kideei ekoizpenak eskatzea, nik batere ekoitzi gabe. Ez litzateke zuzena. Baina, horrekin batera, badakit nire ekoizpen-maila jaitsi egingo dudala, absolutuki. Denbora kontua da.


ASTEKARIA
2006ko apirilaren 09a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
"Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna"

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
"Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan"

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Eguneraketa berriak daude