argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 16a


Topaguneak lehendakari berria eta sei elkarte berri

Euskara Elkarteen Federazioak, apirilaren 1ean, Abadiñon egindako urteko batzar nagusian, lehendakari hautatu du Karmen Irizar Segurola azkoitiarra. Lau batzordekide berri ere aukeratu ditu Topaguneak: Urko Aristi lehendakariordea (Mailope elkartea), Galder Unzalu diruzaina (Berbaizu elkartea), Ione Narbaiza bokala (Berbaro elkartea) eta Aritza Escandon bokala (Batana Batu elkartea). Batzar nagusian segidako sei euskara elkarte berri hauei ongi-etorria egin zieten: Ametza (Ultzamaldea), Bidebarri (Zuia), Lizardi Mintza (Bilbo), Nañon Euskaraz (Zornotza), Zaldiko Maldiko (Iruñea) eta Zintzo-Mintzo (Urretxu-Zumarraga). 84 euskara elkartek osatzen duten Topaguneak 2006ko egitasmoak aurkeztu zituen batzarrean. Hona horietako batzuk: Kultur Errota, Film Laburren 3. Zirkuitua, Euskal Herriko 3. Graffiti Lehiaketa eta Ikus-Entzunezkoen 2. Rallya. Topaguneak tokiko telebistak sortzeko sustapena ere egingo du eta Nafarroako Euskarazko Irratien Sarea indartu nahi du. Lehenengo Mintza Eguna ere antolatuko du, hainbeste ugaldu diren mintzalagun eta berbalagun egitasmoak batzeko asmoz.


Bernardo Atxaga euskaltzain oso eta Mikel Zalbide bidean

Juan Mari Lekuona zenaren lekua hartzeko hautagai bakarra zen Atxaga. Martxoaren 31ko bozketan gehiengo osoz aukeratu dute euskaltzain oso. Idazle asteasuarrak adierazi duenez, joera kritikoa izan du Euskaltzaindiaren jarrerarekin eta heldu zaio garaia joera kritiko hori bertan mamitzeko. Bestalde, Bernardo Atxagari gertatu bezala, Mikel Zalbide hautagai bakarra da Patxi Altunaren tokia hartzeko. Apirileko bozketan gehiengo osoa lortzen badu euskaltzain berri izango da donostiarra.


14 piropo finalean

Urtxintxa Aisialdi Eskolak eta Ttakun elkarteak antolatutako Piropo Lehiaketa azken txanpan da. Jasotako 744 piropotatik 14 aukeratu dituzte finalerako. Gazteek apirilaren 14a bitartean eman dezakete botoa (www.aisia.net) piroporik onena aukeratzeko. Antolatzaileek gazteek egoera informaletan euskarazko erregistro kolokialak erabiltzea sustatu nahi dute.