argia.eus
INPRIMATU
Doktorego tesiaren defentsa...
Edu Zelaieta Anta 2007ko otsailaren 21a
... -edo unibertsitatearen deshumanizazioaz-. Inoiz azaldu dizuete zergatik doktorego tesiak defendatzen diren? Niri ez. Horregatik, azalpenik ezean, pentsatu izan dut ea baden horrelakoetan inor erasotzeko asmotan; ez baita defentsarik ulertzen erasorik gabe.

Arauak dioen bezalaxe, tesien defentsa oro ekitaldi publikoan egiten dira. Eta badakigu unibertsitateak ezin hobeki betearazten dituela legeak eta arauak; hori arras garrantzitsua baita. Nik ulertzen ez dudana da, ekitaldia publikoa izanik, zergatik doktore gradua daukatenek bakarrik duten bertan hitz egiteko aukera. Ez da kontuan hartzen, adibidez, ikergaiarekiko ezagutza edo interesa, ezta gai horren inguruan lanean aritua izatea ere. Norberaren maila akademikoa da balio duen bakarra. Rangoa.

Eta, hierarkiaz ari garelarik, nork ezarri zuen doktoregaiak epaimahai-kideei eskerronez -zeren eskerronez?- ordaintzen dien otorduaren tradizio jatorra? Beharbada, tribunaleko gorentasunak gosaldu gabe joaten dira ekitaldira; gauza jakina baita barauak burua ernarazten duela.

2006ko otsailaren 17an, Gasteizko Filologia Fakultateko gradu aretoan -Gradu Aretoan, koronela!- hiru orduz sufritzen aritu ziren lagunek badakite zertaz ari naizen. Eta akaso, Bertold Brechten arestiko laguntzarekin, zuek ere bai.