argia.eus
INPRIMATU
Txoriak bazkatzen
Itxaro Borda 2007ko otsailaren 21a
Giottok Asisko Frantsizkoren erretaulako margo handiaren azpian tintatu zituen predela delakoetan saindua lagun baten konpainian agertzen da txoriak, batez ere ahateak, asetzen. Koloreak irrealak dira, sepia eta urrearen orekan, dudan bezala. Eta ikusleak bat-batean lotura egiten du margoaren eta gaurko errealitate sozialaren artean.

Eiki, mundua pobreziak eroaten duela, lau haizeetara, goseak, injustiziak, eritasunak. Azken berrogeita hamar urteotan ahantzixea zen gaitzak gure karrikak berriz larrutzen ditu: eskaleak azaltzen dira eta neguan ez baldin bada, urrikia merke dugu. CPEren aurka manifestatzen duten gazteek bizitza aktiboa prekarietate aro luze batekin hastearen beldurra dute. Gobernatzen gaituzten printzeentzat guztiak noizbehinkakoa behar du, salbu, bistan dena, haien aberasteko posibilitateak: hau betikoa bedi.

Ezagutu dugun moldean antolatutako langileriaren dolua egin beharko ote da? Ez al daitezke oraino balia Berliner Mauer eroriz geroztik funts gabeko iruditu zaizkigun Marxen azterketa-sareak? Ez ote gara laster sartuko prezeski Giottoren taulak eta Rosa Luxemburg heriotzara bideratu zuten antzeko garaietan?

Txorien bazkatzea debekatua denean.