Begirada ironikoa egunerokotasunari


2006ko apirilaren 02an
Lehenengo Vaya Semanita izan zen. ETB2ko saio horren umore kritikoak eta batez ere politikaz barre egiteko erakutsi zuen ausardiak jendearen arreta erakarri eta segituan arrakasta izugarria lortu zuen. Dagoeneko, hirugarren denboraldia du hau. Iazko udatik, berriz, ETB1eko Wazemank saioaren umore freskoak ere ikus-entzuleak guztiz bereganatzea lortu du, ezbairik gabe. Lehenengoaren kasuan, batez beste %19ko sharea du ostegun gauetan eta martxoan 24 puntuko batez bestekoa lortu zuen. Wazemanki dagokionez, %9,25eko sharea izan ohi du ostiraletan eta zehazki euskaraz dakitenen sharea kontuan hartuta, datua %25ekoa da. Hau da, une horretan telebista ikusten dauden eta euskaraz dakiten lau lagunetik batek ikusten du Wazemank. Arrakasta hori kalean ere nabaria da. Ziur aurtengo inauterietan Forrest ikus-entzulearen defendatzailea, Camera Vasca Caféko politikariak, Moxolo, Dani, Euzkitze edo Tolosaren mozorroak ikusi ahal izan direla Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan. Zein da harrera bikain horren gakoa? Zergatik lortzen ditu hainbeste jarraitzaile hemen egindako umoreak? Erantzunen bila gidoilariengana jo dugu eta, ororen gainetik, arrakastaren atzean lan handia dagoela ikusi ahal izan dugu.

VSko gidoilarien astea, esaterako, ostegunean abiatzen da. Braimstorming edo ideia zaparrada delakoa egin ohi dute egun osoan zehar, burutazio guztiak mahai gainean jarri arte. Langile dezente dira eta, orain arte behintzat, ideia berriak sortzeko garaian esku hutsik ez direla inoiz geratu diote. Guztira, sketchak egiteko sei lagun eta platoko gidoiak idazteko bi pertsona daude. Ostiraletan, bakoitzak berari dagozkion gidoiak prestatzen ditu eta astelehenetik aurrera idatzitakoa hobetzen ematen dituzte egunak: gidoiak denek berrikusten dituzte, bakoitzak bere ekarpena egin dezan, eta behar izanez gero, txisteak eta sketch berriak gaineratzen dituzte. Wazemankeko sei gidoilarien lan egiteko era desberdina da: ideia zaparradarako ez dago egun zehatzik, norberak etxetik bere burutazioak ekarri ohi ditu eta beharraren arabera gai berriak jorratzeko biltzen dira. Baina gehienak tarte finkoak direnez, normalean lana banatu egiten dute, bakoitzak tarte horietako baten ardura hartuta. Dena den, Nagore Aranburu gidoilari burua sketch finkoak tarteka eskuz aldatzen saiatzen da, ikuspegi desberdinak lortzeko. Lankideen gidoiak ideia berriekin osatzea ere libre da.


Euskal umorea?

Lanaz gain, talentua ez zaie falta gidoilariei eta ondo funtzionatzen duten formulak erabiltzen dituzte. Formula horren sekretua aurkitze aldera, egiten duten umore motari buruz galdetu diegu, baina ez dute beraien umorea definizioekin mugatzea atsegin. «Euskadi eta euskaldunoi buruzko umorea egiten dugu -azaldu du Fernando Rodriguez VSko gidoilari buruak-, besterik gabe, ez dut uste inolako adjektibo kalifikatzailerik behar duenik. Hori bai, ez dugu barre-algara bakarrik bilatzen, mezua sartu ohi dugu azpitik, ironia erabiliz». Euskaldunoi buruzko umorea da beraz; baina euskal umorea dei diezaiokegu? «Ez dut uste zehazki gurea den umorea dagoenik; gure gauzez, gauza zehatzez barre egiten dugu eta beraz, aukeratutako gaietan dago gakoa». Anjel Alkain Wazemankeko zuzendariaren arabera, ETB1eko programak umore «freskoa, ganberroa eta gaztea egiten du» eta gai unibertsalak eta lokalak uztartzen ditu: «Alegia, Euskal Herrian bakarrik funtzionatu dezaketen sketchak daude, baina baita kanpokoentzat oso onak izan daitezkeenak ere; nahastea da kontua, kostunbrismoa beti ez egitea». Esaterako, behin baino gehiagotan gertatu zaie beraiek egindako sketchak beste saio batzuetan ikustea. Los Morancos saioan, farmaziara joan eta tabernan egongo balitz bezala medikamentuak eskatzen dituen lagunaren gaga ikusi zuten, beraiek egindakoaren antzekoa. Eta Wazemankeko atsuak Interneteko ikastarora doazenekoa ere Cruz y Raya programan agertu zen, baina bi aitonekin. Umorea betikoa dela diote, baina testuinguru desberdinetan. «Zure erreferentzi kulturalen eta bizipenen arabera, testuinguru eta gizarte konkretu batean egindako umorea da, baina umore unibertsala, azken finean», dio Jasone Osoro Wazemankeko gidoilariak.

Dena den, umore hori arrakastatsu egiten duten irizpide eta gai jakin batzuk erabili ohi dituzte. VSko gidoilariek irizpideak argi dituzte: «Sketchak gaurkotasunaren isla izan daitezela, euskaldunak eta euskal gizartearen isla, jendeak ikusterakoan bere burua identifikatuta ikus dezan». Azaldu digutenez, egunerokoan eta inguruan duguna ikustea eta pixka bat puztea da gakoa. «Jendeari gertatzen zaionaz barre egitea gustatzen zaio, bere eguneroko bizitza irudikatua dagoela ikustea». Hala, A-8 errepideko arazoak, erretiratuen inguruko kontuak, hipoteka edo etxebizitza VSn joko handia ematen duten gaiak dira. Wazemanken, lan egiteko moduagatik, gaurkotasuna ez da hain adierazgarria, baina bai eguneroko gertaeretan oinarritutako umorea. «Inor esatera ausartzen ez den egiak azaleratzen ditugu», diote bertako gidoilariek.

Gaiei dagokienez, euskaraz bizi den jendearentzako umoretsuak izango diren kontuak aukeratzen dituzte Wazemanken, hurbiltasuna eta absurdoa lotuz. Esaterako, baserriko giroa hartu eta komiki itxura eman nahi izan diote Arregitarrak atalean. Beste sketch batzuetan ere, denontzako ezagunak diren tailer mekanikoa edo anbulatorioa bezalako leku arruntak hautatu dituzte. Futbola edo politika, berriz, ez dituzte lantzen, aspergarriak iruditzen zaizkielako. VSn, aldiz, politikak leku garrantzitsua hartu zuen hasieratik. Gaurkotasunak eraginda lantzen jarraitzen badute ere, egun saioan indar gutxiago duela dio Fernando Rodriguezek, egun jendearentzat bigarren plano batean geratu delako. Hala, bide berriak ireki dituzte: erretiratuen gaia, emakumeei buruzko atala, eliza kontuak... Azken finean, tabuen zerrenda gutxituz joan dela diote VSko gidoilariek. Inork aipatzen ez dituen gauzak jorratzen direnean, jendea ohitu egiten da eta tabu izateari uzten diote. Gainera, umorez gerturatzea gai serioak arintzeko modua ere bada. Euskal gatazka edo kale borroka bezalako gaiekin umorea egin ahal izatea saioaren lorpena dela aitortu dute gidoilariek. Muga non dagoen? Inor ez iraintzean. «Begian hatza sartzen dugu, baina iraindu gabe».

Wazemankeko kideek ere irainak eta gai sexistak ez dituzte atsegin. ETB1eko saioa gehiago oinarritzen da gizarte gaietan eta arlo horretan ez dute beldurrik heriotza bezalako kontu arriskatuagoak jorratzeko. Kate bereko saioei (Goenkale, aurkezleen imitazioak...) punta ateratzen ere lehenengoak izan dira. Euskaltzaindiaren inguruko sketchekin hasi zirenean, erantzun txarren bat jasoko zutela pentsatu zuten, baina alderantziz, Euskaltzaindiko kideek beraiek sketch horiekin gustura asko barre egiten dutela jakin dute. Anjel Alkainek argi du: «Geure buruaz barre egin dezagun, bada garaia-eta».


Kaleko euskara bizian

Wazemanken kasuan, halaber, irizpide horiei guztiei umorea egiteko garaian hizkerak duen pisua gaineratu behar zaie. «Komunikabideetan euskararekin beti literatura egin nahi izan da -esan digu Anartz Zuazua aktore zuzendariak- eta ni ez naiz batere identifikatzen erabiltzen den euskararekin. Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlana gure tranpolina izan zen, konturatu ginen hizkuntzak funtzionatzen duenean, jendea entzuten duenarekin identifikatzen denean, jada zerbait lortu duzula eta formula hori telebistan probatu nahi izan genuen. Azken finean, euskarari tabuak kendu dizkiogu, hizkuntza jendeak erabiltzen duen bezala erabiltzeko baita». Emaitza: kaleko euskara bizia; euskalkien erabilera jatorra; hitz jokoak edo ospetsu bihurtu diren «earki gatxik» eta «koxk» bezalako esamoldeak. Euskaraz bizi diren lankideek eta euskaraz natural aritzeko gai diren aktoreek eginiko saioa da eta ahozkotasunean oinarritutako hizkera horrek programari freskura eta errealitate itxura ematen diola uste dute Wazemankekoek.

Beraz, osagai ugari dira saiook arrakastara eraman dituztenak. Denaren gainetik, ordea, kalitate oneko produktua eskaintzea da gakoa: «Jendearengana iristen den umore ona egitea eta maila mantentzeko lanean jarraitzea da sekretua», ziurtatu digu Javier García de Vicuña VSko zuzendariak. Gustura egindako lana dela islatzeak ere arrakastan zerikusi handia duela aitortu digute bi saioko kideek. Beraz, gustura jarraitzen duten bitartean, umorea luzarorako izango dugu ETBn.

Tarta eta lorazain artean

Miramongo estudioetara gerturatu garenean, Wazemankeko lankideak Tivi Family atala grabatzen topatu ditugu. Aitonaren (Anjel Alkain) urtebetetzea da eta tartarekin eta bideokamerarekin bueltaka dabiltza. Entseguetan giro ona nabaria da. «Pantoja bezalatsu», esan dio Mikel Pagadizabalek Ana Elordiri, azken horrek eskua jarri eta Pagadizabalek daraman bideokamerari kolpe handitxoegia eman dionean, tonadillariak paparazziekin egin ohi duen moduan. «Giro ona egotea garrantzitsua da -dio Anartz Zuazuak-, lanegun luzeak izan ohi direlako: bost egunetik lau grabatzen pasatzen ditugu, platoan eta kanpoan». Programako zati txiki bat filmatzeko denbora dezente behar izan dute. Ondoren, Vaya Semanitakoen grabaziora hurbildu gara eta horiek ere entsegu eta hartualdi ugari errepikatu behar izan dituzte Enpleguko Institutu Nazional aurreko sketcha filmatzeko. Institutua, kasu honetan, Miramongo egoitzaren kanpoaldean dago; telebistan behintzat bai. Atrezzoa prestatu eta lehenengo plano motzak eta ondoren orokorrak grabatu dituzte. Aktoreez gain, dozena erdi langile daude bertan, bakoitza zeregin konkretu batekin eta zuzendariak barruko gela batetik ematen ditu aginduak, monitoreari begira dagoela. Kanpoaldean, gainera, arazoak handitu egiten dira. Inguruko obrek eta bat-batean igaro den lorazainak audioan eragina izan dezakete, eguzkiak eta hodeiek argi-ilunak sortzen dituzte... Azkenean, ordea, sketcha aurrera atera dute, parte hartu duten bi aktoreen zorionerako. Bitako inork ez baitu erretzen, baina pertsonaiak antzezteko erretzen jarri dituzte goizean goizetik. Aktore izateak horrelako eragozpenak ditu, nonbait.

Asteroko saioak izanik, grabazio erritmoa bizkorra da eta kanpoaldean bada, eguraldi txarra eginagatik ezin da filmazioa atzeratu. Hain zuzen ere, anekdota gehienak kanpoaldean gertatu ohi dira. VSko aktoreek, esaterako, 0 gradu azpiko tenperaturekin biluzik grabatu behar izan dute eta era guztietako egoera eta lekuetan egin behar izan dute lan: hilerrian, ospitaleetan, izotz jauregian nahiz aireportuan. Wazemankeko atsuei dagokienez, jada ezagunak dira eta kalean grabatzen dutenean, inguruko jendeak barre egiten du beraiekin. Umorea umore onez egiten saiatzen dira, denek atzean lan asko dagoela azpimarratzen badute ere.


ASTEKARIA
2006ko apirilaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Umorea
Maria Rivero
"Umorea oso maskulinoa da oraindik, gauza asko aldatu beharra dago arlo horretan"

Korrika Kulturalaren eskutik, Olatz Beobidek zuzendutako eMcumeak umorezko obra taularatuko dute Maria Riverok eta Itxaso Payak asteartean, 19:00etan, Antsoaingo Antzokian.


Umorea

Astean galdetu didate ea nolakoak ziren idazten nituen artikuluak, eta ea umoretsuak ziren. Ezetz esan nion galdetzaileari, nahiko nukeela, baina ezin, inguruan gertatzen dena ikusita.

Uste dut umoretsua naizela normalean, baina ez da erraza ezer umorez idaztea munduan dauden... [+]


Eguneraketa berriak daude