Itxaropenez eta kezkaz, aukeraz eta arriskuz beteriko momentua bizitzen ari gara Euskal Herrian. Bakea eta demokraziak ekarri ahal duen aldaketa politikoaren aurrean kokatzeko urratsak eman ditu herri honek. Egia bada ere gure Euskal Herri honetan errealitate oso ezberdinak egon badaudela, zalantzarik ez dago Euskal Herriaren etorkizun politikoaren inguruko eztabaida sakona gure lurraldearen eremu ezberdinetan zabalduta dagoela; bai Ipar Euskal Herrian, bai Araba Bizkaia eta Gipuzkoako eremuan, bai Nafarroan ere.
Egun Nafarroan indarrean dagoen estatusa, aitzitik, eztabaida hori, alegia, herri zein herritar gisa ditugun eskubideena eta lurralde zatiketarena behin betiko ixteko 70-80 hamarkadetan antolatu zen. 25 urteren ondoren argi geratu da saiakera horrek porrot egin duela eta Nafarroatik ere etorkizuna erabat irekita ikusten da.
Egoera honetan, markoaren garapenaren bidez urteetan zehar indartu eta oldartu den nafar eskuin espainiar zalea eta inguruan duen sektore ekonomiko eta politikoa urduri dabiltza gerta daitekeenaren aurrean; oso ongi dakitelako Nafarroan eta Euskal Herri osoan aldaketa sakonak emanen balira eta demokrazian eta eskubideekiko begirunean oinarritutako egoera berri bat irekiko balitz, orain arte izan dituzten abantaila politiko eta ekonomikoak kolokan egongo liratekeela. Horregatik edozein aldaketa nola edo hala oztopatu nahi dute. PSN, tamalez, eskuin espainiar zalearen jarreratik oso hurbil dabil. Argi dago berriro ere Nafarroa Euskal Herriaren ukazioa eta lurralde zatiketa mantentzeko erabili nahi dutela.
Aldaketaren beharra, ordea, indarrez antzematen den ideia oso zabaldua da. Kontua da norantz bideratu aldaketa politikoa eta zein den helmuga. 2007an hauteskundeak burutuko dira Nafarroan. Hortxe mugarri garrantzitsua daukagu Nafarroako etorkizun hurbilari begira. Pentsa daiteke, egungo egoeran erronka elektoral batek bake eta demokraziarako elkarrizketa dinamikan era negatibo batean eragin dezakeela. Eta hala izan daiteke alderdi interesak beste gauza guztien gainetik kokatzen badira. Horregatik arazo handia izan daiteke momentu honetan eztabaida elektoraletan murgiltzea. Orain lehentasuna beste bat delako; behingoz gatazka politikoa konpontze bidean jartzeko prozesu bat ireki dadila eta nafar herritarren parte-hartze aktiboa bermatua izan dadila prozesu horretan, hori izanen baita modu bakarra nafarren eskubideak aitortuak izateko eta egungo estatus politikoa errotik aldatzeko. 2007ko hauteskundeak ikuspegi horrekin lantzen badira, oztopo bat baino aktibo indartsu bat izan daitezke. Horretarako, ezinbestez, 2007ko erronka elektorala, prozesu demokratikoaren garapenarekin lotuta ulertu behar dira.
Indar politikoen proiektuen lehiak izanen direla argi dago eta eskuin espainiar zalearen politika itogarria gainditzeko beharra eta beraz, UPN nafar instituzioetatik kaleratzeko nahia mahai gainean egonen da. Baina soilik prozesu demokratiko bat martxan egoteak ahalbidetuko du Nafarroan horren beharrezkoa den aldaketa ematea; egoera errotik eraldatzeko ezinbestekoa den estatus politiko instituzionalaren aldaketa ematea. Soilik horrela gerta daitekeelako hauteskunde horiek baldintza demokratikoetan burutzea, sufragio unibertsala bermatua egotea, eskuin espainiar zalearen garaia atzean uztea eta Nafarroa, gainontzeko euskal lurraldeekin batera, etorkizun aske, baketsu eta demokratiko bati begira jartzea.
Gure esku dago, Nafarroako indar politiko, sozial eta sindikal guztion esku eta bereziki, nafar jendartearen esku.