Landarbason, duela 28.000 urte, bisonteak ehizatzen ziren. Cromagnonak ziren Gipuzkoako lurralde honetan egokitu zirenak. Ikerlariek diotenez, baldintza oso gogorrei aurre egin behar izan zieten hemengo bizidunek. Babesa Aitzpitarteko kobetan aurkitu zuten. Hainbat espezierekin bizitu ziren: oreinak, basahuntzak, elur oreinak, hartzak, sarrioak…
Badirudi gehien ehizatzen zutena bisontea zela, haitzuloan aurkitutako bisonte hezur ugariek erakusten digutenez. Tranpa bidez ehizatzen zutela uste da: oihuekin eta suarekin, tranpetara zuzentzen zituzten animaliak. Jarraian larrutu, zatitu eta hezurrak kentzen zizkioten bertan. Guzti horretarako harraskagailu, xixel, punta, arpoi eta antzeko beste lanabesez baliatzen ziren. Suharria, hezurra eta adarrak erabiltzen zituzten erremintak egiteko. Haitzulora haragi zatiak eta animalien gorputz-adarrak soilik garraiatzen zituzten. Sua, hartz eta bisonte larruei esker igarotzen zuten negua gizaki hauek. Animalien larrua buril baten bidez zulatu eta josi egiten zuten.
Aizpitarteko aztarnategia ez da aberatsa gizaki arrastoetan. Dena dela, aurkitu izan dira haitzuloetan bizi ziren haurren baten edo besteren esneko hortzak. Arkeologoek diote, 30 lagun baino gehiago ez zirela bizi Aizpitarten, familia txikitan sakabanatuta.
Garrantzi paleontologiko eta historikoaz gain, haitzuloetako faunagatik ere azpimarragarria da Aizpitarte. Bizidunik handienak saguzarrak dira. Horietako bat adibidez, Ferra-saguzar mediterraniarra dugu. Desagertzeko arriskuan dagoen espeziea intsektujalea da. Animalia honek bizi duen egoeraren erantzule zuzenak gu, gizakiok, gara, beren bizilekua inbadituz, eta bertan gure hondakinak utziaz. Haitzulo hauetako beste populatzaile bikaina, kakalardo berezi bat da, Ceutosphodrus vascoricus, Aizpitarten bakarrik bizi dena. Zain dezagun bada!