Lokarrik bere lehen kale agerpena egin du Bilbon, eta bertan esparru sozio-politikoaren sostengu zabala lortu badu ere, bildutako jende kopurua -2000 bat lagun- ez dator bat sostengu zabal horrekin. Kale agerpenerako hautatutako eszenatokia ez da izan seguruenik aproposena eta hurrengorako kontuan hartu beharko luke hori gizarte mugimendu berriak. Dirudienez, bestelakoa izango da datorren larunbaterako Oinarrizko Hitzarmenaren inguruan bildutako indarrek Bilbon egingo duten indar agerpena. BECeko urtarrileko ekitaldian hasita, epe motz eta ertainera begira erabaki eskubidearen inguruan aliantza indartsu bat finkatzen ari dela dirudi eta ikusi beharko da egituratzen ari den bake prozesuan nola eragiten duen. Oraingoz, datu esanguratsua gabezia batek markatutakoa da: EAJ ezik gainerako indar abertzale guztiak dira bertan. Datozen urteei begira zerbait esan nahi ote du honek? Goiz da halakorik adierazteko, besteak beste gaur gaurkoz bake prozesuaren abiada eta indarraren menpe dagoen aliantza delako.