Gure menuak


2006ko martxoaren 26an
Iparraldeko barne zolako ostatu batera bazoazte bazkaltzera, honelakoxe menua eskainiko dizuete, ez kario: sarreran hestebetea edo txerrikia eta patea; platera nagusian ahate urinekoa -Amikuzeko ekoizleek deitzen duten moduan eta Hegoaldeko gastronomoek, frantsesez, confit itzultzen dutena-. Ahoa garbitzeko, ardi gasna; eta ahoa gozatzeko, euskal pastiza. Berdin antzekoak bazkari militanteak, salbu urinekoaren lekuan saiheskia izaten dela. Haragirako joera horiei "Barnekaldeko txitxikeriak" deitzen die lagun baxenabartar batek. Han bakarrik balira!

Gipuzkoako jatetxe prestigiotsu batek menu hau prestatu zuen euskaldun bipilenak sariztatzeko: kabrarrokazko budina, txangurro krepeak, legatza onddoekin labean eta azpizun errea pikillo piperrarekin. Eta hona, euskal prentsatik hartuta, piperradaren osagaiak: 12 xerra urdaiazpiko, arrautza, bi tomate eta lau piper. Hau da, xerra bakoitzeko 1/6 tomate eta 1/3 piper: begetalen dosi homeopatikoa, eta hori piperraren izena daraman espezialitate batean!

Gora ari da txitxikeria, garesti zein merke, biologiko zein kimiko. Egia da aspalditik goraipatua izan dela hemen "saiheskikote"aren kultu kulturala, baina azken urte hauetan abiadura handia hartu du, inguruko erresumetan bezala funtsean; nahiz eta dietetikari guztiek predikatzen diguten proteina animal gehiegi jaten dugula eta osasunarentzat ere ez dela batere ona.

Oraindik animoso jarraitzen diren batzuek ideiak ematen dizkigute jatetxeetan begetal gehiago erdiesteko, bi sarrerako platera eskatzea, adibidez. Bai, baina kasik ezinezkoa da gaur egunean landarez egindako lehen platerak aurkitzea menu-kartetan. Badirudi profesionalen gogoan otoruntz baten duintasuna animaliaren kantitatearen korrelatiboa dela. Non dira behialako barazkiak eta lekariak, hain errotuak gure sukaldaritza tradizionalean. Lekariak batez ere, zerealekin batera janda premiazkoak baitira proteina onak lortzeko animaliarik gabeko elikaduran.

Okel zalekeria orekatzeko arraina aholkatu digute, eta brau jo dugu horretara, hainbesteraino non, gaur egunean munduan jaten den bakailao kantitatea 1960ko halako hiru baita (Le Monde 2006-II-26); duela ehun urte bi metroko aleak ekartzen ziren merkatuetara, orain metro erdiko umeak, eta harrapatzen diren espezie gehienak mehatxatuak dira. Alferrik galtzeko asko: otarraintxoen %70 berriz botatzen dira itsasora, gehienak hiltzera; eta legatz txikiegiak berdin, tonaka joaten dira atzera uretara, beren hilobira zuzen haien %97 (Libération 2005-IV-9).

Arrainen hazkuntza ez da alternatiba ona, hondakinak egiten ditu erruz eta izugarri kutsagarria da. Horrek ordezkatuko balu oraingo arrantzaleek ekartzen dutena, ez litzateke gehiago kostaldeko ekosistema bideragarririk izango planeta osoan.

Jadanik itsas Baltikoan, kilometro koadro andana "eutrofizatuak" dira, haietan ez da gehiago oxigenorik, ez izaki bizirik. Fenomeno horren galarazteko diru asko xahutu dute ondorio eskasak lortzeko, eta neurri zorrotzagoak pentsatzen hasiak dira zientzialariak, hala nola haragi ekoizpenaren murriztea, haztegietatik urera botatzen diren gorozkiak baitira, besteak beste, kutsaduraren sorburua.

Suntsiketen eta sarraskien gainean finkatua da gure elikadura gero eta gehiago, ez bakarrik irensten dugun animalia kantitateagatik, baizik eta horiek merke ekoizteko erabiltzen diren metodoengatik ere, torturari aski hurbil direnak. Hori aski ez balitz, animalien proteina ekoizteko zortzi-hamar aldiz energia eta ur gehiago xahutzen da zein eta landare proteinen kopuru bera ateratzeko. Preseski, txerri haztegiak direla eta, Bretainian ez da gehiago ur natural edangarririk.

Motibazio filosofiko eta etikoez gain, begetal jateko arrazoiak gero eta azkarragoak dira. Arin arin eusko sukaldaria, itzuliozu gure indabari zor zaion loria!


ASTEKARIA
2006ko martxoaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude