argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2006ko martxoaren 26a

Irujo eta Eulate: txapela irabazi dute, orain EGA gainditu behar

Pedro Martinez de Eulate Lizarrakoa eta Juan Martinez de Irujo Iberokoa, nafarrak biak. Biak bizi dira giro erdaldunean, familia erdaldunak dituzte eta eskolan gaztelaniaz ikasi dute. Biak daramatzate hiru urte Iruñeko AEKren Iruñazar euskaltegian euskara ikasten. Hirugarren urratsean ari dira eta oraindik hedabideekin euskaraz aritzen ausartzen ez direla esan zioten Berriari joan den astean, igandeko pilota finalaren aitzakian egindako erreportajean. Gaur txapela, bihar EGA jartzen duen pankarta ez zuen ikusi telebistaz hau idazten ari denak, baina euskaltegiko ikaskideek askotan eramaten dute pankarta hori bi pilotarien partidetara. Igandean, txapela irabazi zuen Irujo-Eulate bikoteak eta mikrofonoa segituan gerturatu zien Koldo Aldalur EITBko kazetariak. Irujori gaztelaniaz egin zion elkarrizketa eta bukaeran galdetu ea noizko euskaraz; «datorren astean» erantzun zion Iberokoak, ez dakigu txantxetan ala serio. Eulateren txandan bestela izan zen, euskaraz aritu zen. Ez dakigu EGA gaindituko duten inoiz, baina Eulatek ez du pauso makala eman, Fernando Goñik duela ez hainbeste egin zuen bezala.


Eusko Jaurlaritzak 16 bidegileri buruzko liburuxkak argitaratu ditu

Euskalgintzan, irakaskuntzan, erlijioan, musikan, marrazkigintzan eta literaturan aritu diren hamasei bidegileren biografiak dira Jaurlaritzak kaleratutakoak, hauexek dira hamaseiak: Elbira Zipitria, Frantzisko Laphitz, Jean Pierre Arbelbide, Peli Markiegi, Julita Berrojalbiz, Mari Karmen Alzueta, Eusebio Osa, Imanol Laspiur, Jon Gotzon Etxebarria, Gabirel Manterola, Migel Olasagarre Aita Damaso Intzakoa, Maritxu Urreta, Matilde Zabalbeaskoa, Jose Olaizola, Gotzon Aulestia eta Jesus Guridi.


100 andereñok erretiro pentsioa jasoko dute

EAJk aurkeztutako ekimena joan den astean onartu zuten Kongresuan eta beraz, Francoren garaian ikastoletan lan egin zuten ehun andereñok, erretiro pentsioa jasoko dute, urte horietan Gizarte Segurantza ordaindu izan balute bezala.