argia.eus
INPRIMATU
Contradictio in terminis
Patxi Meabe 2006ko martxoaren 26a
Galdera kontraesandunak. Nork esan du latinak ez duela bizitzako kontraesanak adierazteko balio?

Jose Bergaminek esan zuen behin batean contradictio in terminis bakarra guardia zibilaren txapelokerra dela, barrutik biribila eta kanpotik paralelepipedoa delako. Bi gauza desberdin aldi berean.

Esan al daiteke enpresa batean 20.000 langile soberan daudela, irabaziak aurreko urtekoak baino %60 handiagoak izan direnean? Banku batek bilioi bateko mozkinak izan ondoren -pezeta zaharretan, jakina-, nola esan dezake behar baino 300 langile edo gehiago dituela? Posible al da petrolio enpresa handiek %80tik gorako etekin igoerak izan ondoren, plantillak modu drastikoan murriztea? Nola daiteke irabazi "errekorrak" izan eta, horrexegatik, langileak langabezian uztea? Contradictio in terminis.

Kontraesanaren muina. Esan beharko da etekin ekonomikoa eta aurrerapena ez direla gauza bera. Ez behintzat beti pertsona berentzat. Horixe da gaur egungo ekonomia sistemaren kontraesan latza.

Gure ekonomia merkatu librearen ideian oinarritzen da, halako merkaturik inoiz existitu ez bada ere. Ideia hori aitzakia hutsa da, zurigarri soil bat norberekoitasun ankerrena estaltzeko. Ahalik eta gehien irabaztea da kontua, noren edo zeren bizkarretik begiratu gabe, eta Administrazio publikoak ez dezala esku hartu, interesatzen denean salbu.

Hori dela eta, botere ekonomiko guztia pertsona gutxi batzuetan kontzentratzen ari da. Egunero ikusten ditugu horren adibideak, prentsan eta gainerako hedabideetan.

Ondorioak. Hala ulertzen da deslokalizazioa -eskulan merkeagoa bilatzea, kapitalarentzat onuragarriagoa den beste leku batean-. Orain deslokalizazioari "birlokalizazioa" deitzen zaio.
Gizarte premiak bere horretan geratzen ari dira. Euskal Herrian egoera hain txarra ez bada ere, estatu mailan gizarte gastua BPGarekin alderatuta, Europar Batasuneko batez bestekoa baino zazpi puntu beherago dago. Ez dute nahi Gobernuek ekonomia pribatuan esku hartzerik, batez ere, laneko behin-behinekotasuna, prekarietatea eta lanpostuaren segurtasun falta arautzea bilatzen badute.

Antzeko zerbait esan daiteke laneko istripuei buruz -azkenean, ez dira inoren errua izaten- eta beste hainbat ondorioez.
Aurrerapena egongo bada, atzerapena egon behar nonbait.

Batzuentzat irabaziak eta lana izango badira, beste batzuk lanik gabe egon behar. Herrialde batzuk aberastu ahal izateko, beste batzuk pobretu egin behar…

Bizi garen gizarte honetan, Bergaminek aipatutako txapelokerrarena baino askoz kontraesan gehiago daude. Eta hori politikaren alorrean sartu gabe, non "egiaren eta gezurraren" arteko kontraesanak, "hitzen eta egintzen" artekoak eta abar, eguneroko ogia baitira.