argia.eus
INPRIMATU
Ahotik ahora
Jakoba Errekondo 2006ko martxoaren 26a

Eguneroko bueltaxkan, urterokoa etorri zait bueltan. Lizarra ere loretan ikusi dut, ordurako bioleta, txikoria-belarra, magnoliak, nartzisoa, sahatsa, muxika, mimosa, makala... lilituak. Gure parean errioak ujalka ekarri du udaberria eta, urterokoa bueltan, ujalak zanpiura bazterreko mausarra bezalaxe mendian harrapatu eta blaitu nau. Hala nabilela bide-bazterreko pendizean lore zintzilikario gorrizko makalaren negarraren odol tantoen artean lehen marrubi-loreak, ttikian ederrak fruitu ederragoen iragarle.

Marrubia aspalditik zaigu eder eta goxo, geurean duen izenaren emana ikusi: amuli, mazura, basamarrubi, mauri, maurri, maguria, maurgi, maidubi, maulubi, mailar, mauli, mailubi, maruri, mailugai, marubiondo, mailugi, marribi, mailuki, marrubi, malubi, mariguri, marabio, marauri... Milaka urtetan makina bat mingain ezagutuko zuten hitzok!

Hainbatetan baina sekula ez behar adina aitatutako Narbarteko botanikari Lakoizketak 1888an honelatsuko hausnarketak idatzi zituen: "Marrubia: alea esan nahi duen BIA eta soinu, kraskateko adierazten duen MARRU hitzetatik dator, jaterakoan azalean dituen hazitxoek hortz artean egiten duten klaska dela eta. Mariguria eta maguria izena ere ematen zaio: mari eta ma soila mamiren bilakaeratik datoz eta guria: mami guria adieraziz».

Katalanek fraga deitzen diote marrubiari. Izen zientifikoa latinetik datorren Fragaria du eta hau "fragans"etik omen dator, hau da usaintsua adierazten du. Europako barietate zaharrak menditarrak eta txikiak dira, baina organioleptikoki (usaina, aho-sapaia…) bikainak. Gerora Ameriketako bi barietate erraldoi topatu ziren eta egun horien arteko hibridoak dira gehien jaten direnak. Handiak bai baina bai makalak, arbiaren antzekoak! Gaurko marrubitzar horiei izena jarri behar izango balitzaieke usain gozoa dion "fraga" ez litzateke erabiliko…

Amaitzeko bitxikeria bi: munduko marrubi ekoizle handiena Polonia da eta inoiz ezagutu den marrubi handiena Ingalaterran jasoa da, 231 gramokoa.