Halako unetan ateratzen da indarrez zalantza. Nola ote halakoak gertatzea -ETAk atentatuekin jarraitzea, ertzaintzaren jarrera basatia, Parot doktrina, Batasunako buruzagiekiko jazarpena...- eta oraindik ere eragile nagusiek prozesuak aurrera jarraitzen duela zabaltzea? Beste une garrantzitsu baten atarikoan, alde desberdinen indar agerpen gisa interpretatzen da une gaitz hau. Eta oso posible da hala izatea, badu bere logika. Baina egoerak bide honetatik jarraitzen badu, ez da samurra izango bake prozesuari eustea. Espainiako Gobernua negoziazio eredu makurra ari da inposatzen, eta ETA su-etena azken unera arte atzeratzen ari da. Denborak, azken 30 urteetan bezala, nagusiki ezker abertzalearen aurka egiten du, eta kasu honetan Zapateroren aurka ere bai. Dabiltzanek prozesuak aurrera jarraitzen duela badiote, hala izango da. Kontua da ez dela ezagutzen alde bakoitzak non jartzen duen krisiaren edo porrotaren inflexio puntua. Bai pentsa liteke, ordea, epe laburrean »hilabete gutxi» keinu positibo argirik ikusten ez bada, prozesuak usteltzeko arrisku handia izango duela.