argia.eus
INPRIMATU
Triangelua
Luis Alberto, 'AmatiƱo' Aranberri 2007ko otsailaren 21a
Begi bistakoa da gero. Euzko Alderdi Jeltzaleak aski du Alderdi Sozialistarenganako hurbiltze-itxura apurrik txikiena egitea, bat-batean sekulako salaketa latzak jasotzeko MLNVren ezker abertzalearen aldetik. Hori azpijana dela, joko maltzurra, duela 30 urteko bekatu berbera, neoautonomismo hutsa... ETAk ez duela horretarako amorerik emango eta hortik ez dela konponbiderik etorriko. Bapo.

Baina nahikoa da, ostera, Batasuna eta Alderdi Sozialistaren arteko keinu izpirik txikerrena, hutsaren hurrengo begirakune soila, ezker abertzale ofizial guztia ur-bitsetan jartzeko, pozarren agertzeko, neurririk gabeko baikortasunari amainu emateko, adurra dariela ukabila altxatzeko, oraingoan gauzak, behingoz, konponduko direlakoan.

Mundu horretan inork ez bide du jendaurrean onartu nahi euren egitasmoa aurrera aterako bada jeltzale eta sozialisten arteko zubigintza ere behar izango dutela. Ezin ahaztu jeltzale eta sozialisten arteko hitzarmenak erakarri zuela Kongresuaren negoziazioaren aldeko ebazpena eta, gustatu ala ez, jeltzaleen leialtasunak babesten dituela Zapateroren erabakiak espainiar gizartearen aurrean... Aitortu ez arren Batasunari berari komeni zaion babesa hain zuzen ere.