argia.eus
INPRIMATU
Estrasburgon
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Eman zuen Mitterrand zenak bere azken predikua, europar instituzioa abandonatzeko garaia heldu zitzaionean. Frantsesez mintzatu zitzaien entzule arduratsu haiei. Frantses hizkuntzaren balizko desagertzearen arriskuari lotu zitzaion, Irlandako galeikoaren ereduaz alderatuz. Eta hara non, aste honetan Le Figaron irakurri dudan Buc izeneko herrixkan dagoen enpresa multinazional bat, GE Medical System, berrogeita hamabost nazionalitateko mila eta bostehun langile dituena, zigortu duela Versalleseko tribunal batek, dokumentazioa ingelesez idazten duelako. Aurrerantzean Voltairen hizkuntzan beharko du egin. CGT sindikatua izan omen da egoera salatu eta enpresa tribunaletara eraman duena. Ez da sindikatu politikoa, ez da nazionalista, frantsesa baino. Honez gain, GE Medical System delakoak bostehun eta laurogei mila euroko isuna ordaindu beharko dio CGTren enpresa komiteari ingelesez egin kaltea dela-eta. Ebazpen honek beste enpresetan ere bere bidea egin lezakeela dio aipatu kazetak, hau ere ez nazionalista noski. Euskal Herriko CCOO ez nazionalistaren bulegora igorri dut Hiruko Txiki hau, bertako norbait erdaratzeko gai izango denaren esperantzan, euskal prentsa ez dutela irakurtzen jakitun.