Eguzki-energiaren bidetik, nuklearrik ez!


2006ko martxoaren 19an
Duela 30 urte Espainiako Foro Nuclear erakundeak halaxe zioen: "Hoy nuclear, en 30 años, energía solar". Gaur, berriz, euren mezua egokitu dute eta energia nuklearraren berpizkundea plazaratzen dute, beste energia berriztagarriekin batera. Azken batean, enpresa nuklearrei petrolio eta erregai fosilen krisialdiak aukera ezin hobea ematen die euren negozio berriak antolatzeko. Europan British Energy eta Tony Blair izan dira ausartenak, eta hurrengo 15 urteetan, dituzten zentral nuklear zaharkituak itxi beharrean, berriak eta eraginkorragoak ipini nahi dituzte toki berdinetan.

Dudarik gabe, egungo mundu honetan, baita duela 40 urtekoan ere, zentral nuklearren arazo politiko nagusia kokapen geografikoa izan da. 1970eko hamarkadako hasieran Francoren Plan Energético Nacional delakoak dozena erdi erreaktore nuklear aurreikusi zituen Euskal Herriko lurretan (Lemoiz I eta II, Ogeia-Ipazter, Deba eta Tuteran) eta zorionez amaieran proiektu guztiak bertan behera gelditu ziren. Ez zituzten lekuak ondo aukeratu-eta!

Oraingoan, Irango gobernuak zentral nuklear bat martxan jarri nahi du eta ez dago modurik euren asmo elektrikoak bonba nuklearren arriskuarengandik separaturik ikusteko. Ez dezagun ahaztu, Hiroshiman eta Nagasakyn, 1946ko abuztuan, Trumanen hegazkinek jaurtitako lehergailu atomikoak aprobetxamendu energetikoa baino lehen asmatu zirela. Pasa den urtean Al Baradei egiptoarrari Bakearen Nobel Saria eman zioten eta berak zuzentzen duen Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, hain zuzen ere, helburu nagusi hori bete behar du, hots, Iraken lehen eta Iranen orain, lehergailu atomikoak ez izatea.

Agian horregatik, Europako enpresari nuklearrei ez zaie gustatzen arma nuklearren gainean hitz egitea, hori leku eta denboraz kanpo baitago, antza. Euren negozioetarako aukera berria ikusten dute eta hori guztiz zilegi eta baketsua da. Begira bestela Finlandiako kasua, non erreferendum demokratiko baten ostean, zentral nuklear bat -Europako bakarra- eraikitzen ari diren. Suomitarrak dira eredu, ez suediarrak, austriarrak, italiarrak, alemanak… zeinek zentral nuklearrak jadanik itxi edo ixteko bidean dituzten. Iritzi publiko europarrak ez du zalantzarik: %12k soilik aukeratzen du energia mota hau, %48 eguzki energiaren garapenaren alde dago eta %42 beste teknologia garbien alde.

Antinuklearrei, dirua baino, bestelako asuntoak garrantzia handiagokoak iruditzen zaizkigu. Hondakinak adibidez. Gaur egungo zarama nuklearrak -goi-erradioaktibitatekoak, bereziki- zentral nuklearretan bertan pilatzen dira, eta aspaldion Europako Komisioa urduri samar dabil estatu guztiek hondakin nuklearrak gordetzeko leku aproposei eta epeen egitasmoei muzin egiten baitiete. Ez bada erraza zentral nuklear bat ezartzeko tokia bilatzea, are zailagoa dugu zabor nuklearra gordetzeko lekua topatzea. Nork nahi du horrelako oparia etxe ondoan?

Arriskua eta erradioaktibitatea batera doaz. Harrisburg, Vandellós, Tokaimura edo Txernobilek oso gogoramen latzak ekartzen dizkigute. Munduan 500 zentral nuklear inguru daude funtzionamenduan eta estatistikak dio bost urtean behin, istripu nuklear larri bat izatea probabilitate handiko kontua dela.

Horrela izanik, beste bide energetikoak ibiltzeko premia dugu. Eta ez da kasualitatea antinuklear eta ekologisten sinboloa eguzkia izatea. Baina bertoko ekologistak energia eolikoaren aurka omen gabiltza eta aldiz, Euskadiko Gobernu autonomikoak eredu izan nahi du energia alternatiboen alorrean. Duela gutxi Ibarretxek inauguratu zituen 5 haize-errota handiak (2 Mw) Abrako badian eta egun berean zioenez, Ordunteko parke eolikoaren proiektua bertan behera gelditzen bada, ezin izango dituzte Euskadiko Estrategia Energetikoan markatutako helmugak bete, hots elektrizitatearen %12a iturri berriztagarrien bidez lortzea 2010. urtean. Jeltzaleek eta bere gobernu lagunek bi aukera dauzkate arlo energetikoan: Iberdrolak markatzen diena, hau da, negozioari soilik begiratzearena edo poliki-poliki eguzkiaren bidea ibiltzearena.

Ez gaitezen engaina, eguzkia toki askotara heltzen da eta mendi tontorretatik aparte, lekua soberan dute, Euskal Herriko poligono industrialetan, esaterako.


ASTEKARIA
2006ko martxoaren 19a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude