argia.eus
INPRIMATU
Zer da: EVENA
Daniel Udalaitz 2006ko martxoaren 12a

EVENA akronimoa Estación de Viticultura y Enología Navarra erakundeari dagokio. Centros Tecnológicos de Navarra entitatearen parte da eta bertan partizipatzen dute, halaber, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak eta berrikuntzan laguntzen duten beste erakunde batzuek. EVENAk Erriberrin dauka egoitza, laborategiko lanak egiten ditu eta zerbitzu-aukera handia dauka enologian eta bitikulturan. Laborategiak ardoak eta likoreak analizatzen dizkie upategi partikularrei, ikerketako proiektuetan kolaboratzen du Nafarroako, estatuko eta nazioarteko unibertsitateekin, ardoen analisiak egiten ditu Nafarroako Jatorri Deitura Kontrolatuen (JDK) kontseilu arautzaileen kalitateari buruzko kontroletan eta material begetala eta lurrak analizatzen ditu, mahastizainak aholkatzeko. Enologiaren arloan, sektorea laguntzen du gai horretan, teknikariak prestatzen ditu eta ikerketako proiektuak garatzen. Bitikulturan, mahastizainak aholkatzen ditu, ikerketako proiektuak garatzen eta laborantzako esperimentuak egiten, eta bitikulturako sektorea profesionalizatzen ere saiatzen da. Gainera, bitikulturako entseguak egiten ditu upategi partikularren eta sozietateen finketan, eta mahatsaren produkzioaren analisi ekonomikoak ere burutzen ditu.