argia.eus
INPRIMATU
Iragar penak
Joxerra Garzia 2007ko otsailaren 21a
"Airea baino astunagoko makinak hegan ibiltzea ezinezkoa da guztiz". Pedro Migel Etxenikeri esker jakin ahal izan dudanez, hala esan zuen Royal Society zientzia elkartearen lehendakari Lord Kelvin-ek, 1895ean. Thomas Watson IBMren zuzendariak 1943an botatako beste perla hau ere Etxenikeri ikasi diot: "Nire iritziz, munduan bost ordenagailurentzako merkatua egon liteke, gehien jota".

Pentsatzekoa da jende gehienak eupaka eta txaloka hartuko zituela beren garaian iragarpenok, begi-bistako bezain dudagabeko egiak izateko itxura guztiak zeuzkaten-eta orduan. Beharrik, beren garaian zorotzat jotako bakar batzuek begi-bistakoa ukatu eta itxura guztien kontrakoa sinesten setatu ziren, eta hala iritsi gara iritsi garen tokira.

Azken bolada honetan, bakea inoizko gertuen dugula dioten ahotsak entzuten ditudalarik, ingurura begiratu eta, ikusiak ikusita, ahots horien jabeak zorotzat eta beren iragarpena pitokeriatzat hartzeko tentazioa izaten dut sarri. Zorionez, ordea, etorkizunak badaki unean uneko itxura guztien kontrako bidea hartzen, eta nahiago nuke pare bat urte barru nire iragarpena agertuko balitz, ezkorraren ezkorrez barregarri, Lord Kelvin, Thomas Watson eta beste hainbatek esandako disparateen antologian.