argia.eus
INPRIMATU
Igor Angulo
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Hilotz. Hila aurkitu omen dute goizeko dianaz bat eguneko lehen zenbaketan, ziegak ireki, eta barnean daukatena zenbaki, bertan dagoela frogatzen den unean. Zintzilikatua omen. Leihoaren burdinak zuhaitz, oinetakoen lokarriak lepoaren bueltan mundu baten eustailu, kartzela zabaltza horretan bere burua akabatu duela esan digute. Ez dut sinesten. Ez nau harritzen. Bere komisaldegi batean gizona bortxaz ito eta Bidasoara bota, egunak eman antzerki makabroan eta bertsio ofizialaren gidoi iraingarria zabaltzeko gauza den Estatuari, nekez sinets diezaiokegu deus. Bere kartzelatan, bakartasunean, sei hormetako kubotan bizi osorako zigorpean pertsonak enterratzeko kapaz den Estatuarengandik letorkeen ezerk ezin gaitu harritu. Beren ogibidea pertsonak suntsitze ahaleginetan kubo itxi horien gakoz xaxatu, umiliatu, zanpatu eta zenbatzen dutenengandiko mezurik ezin onartu, hain da lazgarria beren ofizioa, normaltzat hartzen dutena. Ez dakit noizbait egia jakinen dugun, egia bakarra bada. Sinesten dudana, kartzela eta bakea kapitala eta justizia bezalakoak direla. Ohe berean ezin jasanak. Igorren adineko seme alabak ditugunak behintzat, ez dugu bakerik. Eta Igorren gurasoek bezala bilobak, are gutxiago.