argia.eus
INPRIMATU
Frantzia: ez izan eta bai uste
Agustin Errotabehere 2007ko otsailaren 21a
Frantziarrek ezezkoa eman zuten Europako Konstituzioaren erreferendumean, beren modelo sozial ohargarriaren zaintzearen aldeko erantzuna. Hona lau zutabe nagusi dituen modelo soziala: langabezia, pobrezia, ezberdintasunak eta zerga pisuenak ordaintzea!

Langabezia %10ekoa. Pobreak jendartearen %11. Milioi bat haur beharretan. 3 milioi jende osasun artarik gabe. 2,6 milioi jende janari laguntza beharretan. Pertsonen 5etarik bata formaziorik gabe; hezkuntza nazionalak ezberdintasunak murrizteko aldiz areagotzen. Argazki arras iluna.

Ekonomialari argi batek zioenez "Frantzia noragabea, Europako Konstituzioa blokeatuz, Europara ongi menperatzen duen bakarra saiatzen da esportatzen: porrota". Saminki errana baina egia. Zeren "deklinismoa"ri edo "gainbehera"ri gehiegi fidatu gabe, dato ekonomiko larrienei behako baten ematea aski baita. Hazkunde ekonomikoa: doi-doia %1,4ra iritsi da 2005ean -Espainian %3,4 izanen delarik-. Atzerriarekiko harreman komertzialak galtzetan, esportazioak ahulegiak izanez, Frantziak merkatuak galtzen ari ditu kanpo erresumetan; zerga publikoa beldurgarria bihurtua da mila miliar euro gaindituz, bi mila miliarretara iritsiz funtzionarien erretretak kontutan hartuz. Opari ederra gure haurrei utziko dieguna.

Bi jarraibide bakarrik egoera larriari aurre egiteko: edo mugak hetsi, protekzionismo gogorrean murgilduz, kanpoko konpetentzietarik ekonomia zaintzeko ametsarekin. Konstituzioari ezaren hazkurria. Edo mundializazioak dakarren aldaketei egokitzea. Zeren nahitaez, mundializazioa ezin ukatu, ezin baztertuzko errealitatea baita. Denentzat. Orain arte bazterturik eta ahul zeuden lurraldetan ekonomiak -Asia aldekoa bereziki- bizkortzen ari dira, jendarteari bizibideak ekarriz. Kaltegarria ote? Ez noski. Guk haiei saltzea onargarria da, baita onuragarria ere. Baina haiek guri saltzea, ezin onartua! Betiko aberatsen berekoikeria.

Ingalaterra atzo, Alemania gaur, neurri gogorrak hartu edo hartzen dituzte Europako estatu zenbaitetako gobernuek etorkizunari begira beren ekonomiak egokitzeko. Neurri latzak. Baina beharrezkoak biharko konpetentziari buru egiteko. Giza kategoria zenbaiten haserre eragileak. Adore eta ausardia behar izan dute agintariek, demagogiaren gainetik, neurri horien bideratzeko.

Frantzian? Ez pentsa ere. Hauteskundeak hurbil ditugu alabaina eta alderdi bakoitzak haien irabaztea du helburua. Egoeraren larritasuna gorde eta beharrezko neurriak zangopilatuz. Gobernuak opari ederra egin die aberatsenei zergak arinduz eta zorra arabera emendatuz. Lan merkatuari malgutasuna emateko (CPE- CNE) hartu neurriek, bi urtez nahi bezala langilearen kanporatzeko eskubidea ematen diena, nagusientzat ogi benedikatua. Bere hautesleari opari ederra. Eta ezkerrean? Krisi larri nabarmena, Konstituzioaren erreferendumaren ondotik "sozial" eta " liberalen" arteko gatazkarekin. "Sozialek" ez dute mundializazioa onartzen, modelo sozialaren zaintzea aldarrikatuz. Alor publikoko langile edo enpresa handietakoak, Inside sektorekoak, lanpostu seguruak, soldata borobilak, erretretak segurtatuak, beste zenbait abantailekin, aldaketarik ez dute nahi, bistan da. Zerbitzu publikoena bereziki, beharrezko erreformen aurka, berehala pribatizazioaren mamua astinduz. Alta, azterketa guztiek, lerroz lerro, adierazten dute inolako dudarik gabe, sekulako dirutzak xahutuak eta enpoilduak direla administrazioaren zentralismoaren burugabekeriarekin. Soziologo ezagun batek "Estatuko burgesia ttipia" deitzen ditu Konstituzioaren arerio sutsuenak izan zirenak. Erreformak eskatzen dituztenak traidore "sozial-liberalak" bezala kondenatzen dituzte langileriaren ezkerreko aingeru begirale. Besteak Outside sektorekoak, lantegi ttipietako errealitatea dute eguneroko ogia: langabezia, prekarietatea, soldata meheak edo pobrezia; gizartetik baztertuak. Sindikatuek nagusiki, beren lerroak osatzen dituzte, egoera joriena bizi duten langileak dituzte zaintzen. Bi mundu arras ezberdinetan zatitzen ari dela gizartea nabari da.

Ikusiz zer nolako larritasunera heldua den Frantziako egoera, aditu anitzek amets egiten dute, datozen hauteskundeetan oinarrizko galdeak, arazoak plazaratuak, aztertuak izanen direla, alderdikeriak baztertu zentzu oneko neurrien erabakitzeko. Ez dirudi bide horretarik doanik debatea. Adore eta zintzotasun eskasa izan da gehiegitan politikoen akatsa. Urtebete pasa gelditzen zaie jokamoldeen aldatzeko edo ustekabe larriak ezin izanen dira baztertu.