argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2006ko martxoaren 05


Iluntasuna Txinan

Txina ilundu egin da azken berrogeita hamar urteotan, Pazifikoko Ipar-mendebaldeko Laborategi Nazionaleko (PNNL) Yun Qiang ikerlariak zuzendutako taldeak adierazitakoaren arabera. Normalki horren erantzule laino-geruza izaten da, baina oraingoan arrazoi larriagoaren susmoa dago.

Orain arte eguraldi lainotu eta ez lainotuen proportzioaz Txinan egin den azterketarik sakonenak dioenez, laino-kopurua gutxitu egin da azken berrogeita hamar urteotan. Laino gutxiago baldin badago, gizakiaren jardueran begiratu beharko da nola ilundu den Txinako zerua.

Lehen azterketen arabera badirudi aerosolen kontzentrazioa -kedarrez eta sufrez osatutako partikulak- hainbeste handitu dela non lanbroa sortzeko gai izan den eta nahiz eta zeruan laino gutxi izan den, egun lanbrotsuak gero eta ugariagoak izan dira.

Izan ere, aurreikuspenak ez dira batere baikorrak, populazioa eta jarduera ekonomikoa hazi ahala lanbroa areagotuz joango da; eta lanbro honek eguzki izpien bidea oztopatu ez ezik, euri azidoa eta arnas gaixotasunak sortzen ditu.

Baina hemen ez da amaitzen lanbroak sortutako kezken zerrenda, zeren eta lanbroaren eraginez gero eta ur gutxiago lurrunduko dela uste da eta ondorioz, gero eta euri gutxiago egingo duela; beraz, lehorte garaiak gero eta luzeagoak izatea espero da.

Lanbroak ezkutatu egiten du Asian gertatzen ari den berotegi efektua zeren eta eguzki izpien bidea ekiditean ez dira oso tenperatura altuak gertatzen, baina ura ere ez da lurrintzen eta ondorioz euri laino gutxiago sortzen dira.

Ikerlarien arabera, datorren hamarkadan Asian lehorte kopurua gutxienez bikoiztu egingo da.


Ordenadore azkarragoak egiteko bidea

John Hopkins unibertsitateko ikerlari talde batek ordenadoreetan beste urrats bat eman nahi du, abiadura handituz, memoria fisiko txikiagoaren memoria ahalmen handiagoa lortuz eta energi kontsumoa %99 murriztuz. Beraien ikerketa MRAM -Ausazko irizpideko memoria magnetikoa- bidetik doa eta horretarako oso dentsoak eta egonkorrak izango diren memoria magnetikoko abaraskak nola sortu aztertzen ari dira.

Nikel edo kobaltoko nanoeraztunekin ari dira lanean, 100 nanometroko diametroa duten eraztunekin hain zuen ere. Nanometroa metroaren milioirena da eta adibide gisa esan dezakegu gure ile batek 100 nanometroko milioi bat eraztun eduki ditzakeela.

Tamainarekin batera eremu magnetiko jakinak kontrolatu behar dira zeren eta abaraskak hain elkartuta egonik, beraien artean eragina izan dezakete. Badirudi arazo honi aurre egiteko bidean daudela eta beraz, ikerketaren bidea arrakastatsua izan daitekeela.