argia.eus
INPRIMATU
Lur nafarra
Jakoba Errekondo 2006ko martxoaren 05

Bitxia zaigu Nafarroa, baita lurrean ere. Klima, paisaia, jende eta kultura aukera paregabea du. Paregabe bitxi. Abelzantza atakan utzita soro, baratza eta negutegien alorretakoetara goaztean.

Hona ona, gehien sortzen den landare-gaia inor gutxik asmatuko luke: luzerna edo alpapa, milioi erdi tona eskas. Beste ekoizpen garrantzitsuenak, tonaka: garagarra 440.000, garia 300.000, mahatsa 150.000, arta-alea 118.000, tomatea 110.000, arta-berdea 85.000 tona, brokulia 64.000, oloa 37.000, muxika 27.000, azalorea 21.000, sagarra 20.000, udarea 19.000…

Hona onena: zein landare da lur gehien hartzen duena? Hau asmatzen errazxeagoa da: garagarra, 330.000 golde. Lur-puska ederrak dituzten beste landareak goldeka, hektarea-herenka: garia 220.000, mahatsondoa 70.000, aletarako artoa 46.000 eta berdetarakoak 28.000, oloa 25.000, ilarra 24.000, brokulia 16.500, ekilorea 12.000, almendrondoa 11.000…

Hona ederra: nafarrek, azkar, nekazaritzan ere etengabe ikertu, garatu eta berritu: merkatuak eskatzen duena, eguneroko etekinak eta lurraren errespetuzko etorkizunaren arteko orekan: era logikoa, ekologikoa, gero eta zabalduagoa da eta kanpotar gehienen inbiri: mahatsa eta ardoa, olioa, barazkiak, fruta, laboreak, eztia, sendabelarrak, haziak, almendra, sagardoa, kontserbak… egiten dituzte 81.000 goldetan 648 nekazarik.

Hona ederrenak: nekazariak, den-denak, geu bakoitzaren aparteko majera betetzeko ahaleginagatik: nafar ekonomian bigarren sektore garrantzitsuena izan eta ekologikoaren aldera bihurtzen ari direlako.

Bitxikeriak: zainzuriak baino letxu, espinaka, tipula, azalorea, brokulia eta kardu gehiago egiten da. Gehien hazten ari direnak, lur-sailez: arroza, zekalea, kalabazina, brokuli, piper berde, sagarrondoa… eta ekoizpenez: zerba, borraja, brokulia, romaneskua, mahatsa, olibak, sagarrondoa…

Bejondeiela lur horiei.