argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2006ko martxoaren 05
PAM (Puto Amoak Matematiketan) taldeak hirugarren diskoa plazaratu du: Ixa. Taldekideak Julio Kageta eta Dantzut taldeetan ibilitakoak dira aurretik eta PAMen diskoa hau «borobilena» dela diote. Estilo ugariko pintzeladak dituzte diskoko hamar abestiek: hard-rocka, funkya, punka eta metala...

Joxemari Iriondok Basarri I. Bat-batean liburua atondu du Auspoa bildumarako. 36ko gerraren aurreko bat-bateko bertsoetatik hasi eta 90eko hamarkadarainoko Basarriren bertso onenak batu ditu. Bertsolariaren prosazko lanekin liburu gehiago apailatzeko asmoa du Iriondok.

Gorakada antzerki taldeak Ikuskizun Onenaren Saria jaso du Robin eta Hood antzezlanarengatik, Xixongo FETEN haur hantzerki azoka europarrean. Obraren egile den Jokin Oregik ere Testu Onenaren Saria eskuratu du.

Jose Luis Ansorenak EH-Donostiako Orfeoia saria jaso du musikaren munduan egindako lan eskerga dela-eta. Halaber, Jose Ramon Vitoria EHUko irakaslea ere saritu dute Donostiako Orfeoiak eta EHUk, behar bereziak dituzten pertsonei musika irakasteko Vitoriak egindako lanagatik.

Aitor Ortiz argazkilari bilbotarrak Argi hormak erakusketa jarri du Gasteizko Artium museoan. Azken urteotan bere lanak nazioartean, arrakastaz, erakutsi ditu Ortizek. Markinako harrobi batean ateratako formatu handiko irudiak maiatzaren 2a arte ikus ahal izango dira.

Antonio Mercero zinemagile lasartearrak Baserri galdua dokumentala aurkeztu berri du. Euskaraz errodatutako filmak nekazal munduaren gainbeheraz dihardu. Puxtarria eta Digitalak produkzio etxeek ekoitzi dute.