argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2006ko martxoaren 05

Koldo Izagirrek Berriari: «Ehun metro korritzea bezala da ipuina, fuerte irten behar du, eta amaitu, ahal dela, fuerteago. Ezin da bidaia taktiko bat egin. Nobela batean, aldiz, bai, posible da (...) Ikuspuntu batetik idazten dugu beti, eta ikuspuntuaren hautuan dago idazlea. Egon gabe egon behar du, bai. Kazetaritzan ikasi zuten ipuinlari askok».

Lander Irazola, Lor taldeko abeslari eta gitarra-jolea, Aldaketa Hamasein: «Nire ustez, sormena ez da lanean jo eta su aritzea. Musika sortzeko gaitasuna inspiraziotik datorrela deritzot, talentutik, alegia. Nire kasuan behinik behin. Izan ere, bada lan zorrotza egiten duen talderik eta gerora, diskoak ez du hainbesteko arrakastarik (...) Idaztea desberdina da. Hitz politak eta txukunak egiteko, batetik, asko irakurri behar duzu eta, bestetik, balio behar duzu».

Lourdes Fernándezek Euskonews&Mediari esanak: «Galeriek erabateko askatasuna ematen dute. Besterik da merkatuak joera batzuk bultzatzea, edota artistaren estudioan gehien gustatzen zaizun obra aukeratzea, edota azoka batera joatean zure ustez ondoen salduko diren obrak eramatea. Baina ez dut uste artista 'sailkatzen' denik».

Roberto Gómez de la Iglesia kultur kudeaketan adituak zera adierazi zion Garari kultur zentroez: «Jendeak ezagutzak, pertzepzioak, sentsazioak eta emozioak erdietsiko dituen espazioak behar ditugu, kultur produktu jakin bat kontsumitzeko lekuak baino».