argia.eus
INPRIMATU
Ecce homo!
IƱaki Mendiguren 2021eko uztailaren 28a

Mateoren ebanjelioan dator Jesusen genealogia, hots, Jesusen arbasoen zerrenda, Abrahanengandik hasita. Garaiko gizarteari zegokion legez, gizonezkoak dira guztiak, 5 emakumezko izan ezik. Ezagunagoa zaigun Jesusen ama Maria alde batera utzita, hona beste laurak: Tamar, Judaren erraina, bere aitaginarrebarekin bi haur izan zituena (Has 38). Rajab, prostituta kanaandarra, baina atzerritar honek israeldar zelatariak bere etxean gorde eta Jeriko hartzen lagundu zien. Rut, hau ere ez zen israeldarra, eta Boozekin ezkontzeko bide bihurri samarrak erabiliz bihurtu zen Daviden arbaso (Rut 3). Uriasen emaztea (Betsabe): beronekin egin zuen Davidek adulterio, eta bidea libreago izateko, gerran heriotzara bideratu zuen erregeak senarra. Zer ondorio atera? Judu-tradizioan heroitzat zeuzkaten emakume berezi horiek Jainkoaren asmoak mundu honetan gauzatzeko tresna edo bitarteko izan zirelako. Ba, bide heterodoxo eta bihurri samar horietatik bidali bazuen Jainkoak bere Semea mundura, gu ez gaitezen izan hain ipurterre puritano, buru-estu eta moralista zitalak. Kristau-eliza batzuek, bioetikaz edo sexualitateaz adibidez, oraindik dituzten jarrerak ez dira itxurazkoak.

Oso estimu handitan ditut filosofoak. Gizakiak bere buruaz eta munduaz egiten dituen galdera funtsezko eta sakonen erantzun bila bizitza osoa dabiltzan jakinduria-zale horiek askoz gorago ditut rankingean galtza motzetan baloiaren atzetik lasterka dabiltzanak baino, zangoen kotizazioa gorabehera. Neurri handi batean, filosofoen ideiek mugiarazten dute mundua, baita zientzia eta teknologia bera ere.

Baina badira bi liburu bitxi: Los filósofos y sus vidas (Schäferstein) eta Le Betisier des Philosophes/El estupidiario de los filósofos (J. J. Barrère eta C. Roche). Horietan agertzen denez, filosofo ospetsuenetariko askok (Kierkegaard, Kant, Schopenhauer, Nietzsche, Hegel eta abarrek) izaera edo jite berezi samarra izan zuten, eta hainbat gairi buruz egundoko inozokeriak eta ergelkeria itzelak bota zituzten. Haien jarrera misogino, xenofobo, arrazista edo antisemitak sinesgarritasun osoa kentzen ote dio aldi berean buru-argitasun eta espiritu sakonez egin zuten gogoeta-lan bikainari? Bai zera! Filosofoen portaera kontraesankor horiek gizakiaren funtsezko errealitatea erakusten digute. Eta horrek apaltasun-irakaspen izan beharko luke guztiontzat.

1994an Felix Post-ek azken 150 urteotan munduan izan diren 291 pertsona ospetsu aztertu zituen eta British Journal of Psychiatry aldizkarian argitaratu zituen emaitzak. Estatu-jendea, intelektualak, zientzialariak, artistak, idazleak… izan zituen ikerketa-gai, eta bikaintasun sortzailearen eta ezegonkortasun mentalaren arteko lotura aztertzea zuen helburu. Ba, hona hemen ezegonkor mentalen kopuruak: zientzialariak %42,2, musikagileak %61,6, estatu-politikariak %63, intelektualak %74, artistak %75 eta… idazleak %90! "Ene bada! Horra hor idazleen elkarteetako barne-tirabiren azalpena!" esango du norbaitek; baina ez, kontua ez da hori. Kontua da sortzaile handienetako askoren lorpen eta aurkikuntza bikainenak nortasun desorekatu samarrekin lotuta egon direla. Gogoan izatea komeni da J. Sadabak dioena: "Axola duen guztia haustura pertsonalaren, are patologikoaren, ertz-ertzean dago".

Ondorioak? Ba, ecce homo! Horra hor gizakia! Homo sapiens, bai, baina baita homo demens ere. Horixe gara, besterik ez. Eta ez da gutxi. Baina kontuak horrela, sasiperfekzionismoaren, aingerukeriaren eta dogmatismoaren hain esklabu izan behar ote genuke?