Azerbaijan: petrolio eta herdoil artean


2006ko martxoaren 05an
Bakuko aireportu nagusiak Heydar Aliyev du izena, herrialdeko hainbat eskola, lantegi edota eraikin publikok bezala. KGBko lidergoan urte mordoa eman eta gero, Heydar Azerbaijan independentearen lehen presidentea izan zen, 2003an hil zen arte. "Kleptokrazia" deitu ohi zaio bere aginteari; antza, Kaukasoko herrialde honek ustelkeriaren markak hautsi zituen hamar urte horietan.

Heydar ez, Ilham bere semea da orain presidentea, eta ongi-etorria ematen dit terminaleko sarreran zintzilik dagoen poster erraldoitik.

Dena den, oraindik ez naiz Azerbaijanen sartu. Bisa ezinbestekoa da, eta lehiatila batean eskuratu dut honetarako formularioa. Hamar galderatan argitu beharko ditut nire bisitatzeko asmoa nahiz ibilbidea. Irakurtzen hasi berri naizela, gizon handi, irribarretsu bat gerturatu zait galdetegiarekin laguntzeko. Bere alkandoraren poltsikotik boligrafo bat ateratzean, besotik heldu eta mahai batean esertzeko gonbita egin dit. Jatorra ematen du. Lehenengo bi datuak, izen-abizenak eta pasaportearen zenbakia besterik ez dugula bete, 50 dolar eskatu dizkit: 40, bisa ordaintzeko, eta 10, berarentzako. "Laguntza" eskertuz, neronek jarraituko nuela adierazi diot. «Ten dollars (10 dolar)», errepikatu du. Mahaikidea uxatu nahian, aireportuko polizi bati begiratu diot, baina "eskalea"k irribarre egin du. Bera ere polizia da, «zuk begiratu diozun beste horren nagusia, hain zuzen ere», esan dit harro. Zorionez, beste harrapakin bat ikusi du segituan, eta bakean utzi nau papertxoa betetzen. Ez dut muga zeharkatu beharrik izan, ustelkeriaren kiratsa usaintzeko. Dirudienez, petrolioak ez ezik, ustelkeriak ere gainezka egiten du Azerbaijanen.

Rotschild eta Nobel anaiek, besteak beste, hemen egin zituzten beren fortunak direla ehun urte paseak. Munduko lehen petrolio erauzketa 1873an Bakun egin eta hamar urte beranduago, Kaspioko hiria munduko aberatsenetakoen artean zegoen.

Aireportutik Bakurako bidean, Europar haien arrastoak ikusi ditut, azken mendean zehar jarritakoen ondoan. Burdinezko zuhaitzen itxura atera diet denei; basamortuko oihan herdoilduak. Hodeiertzeko paisaian ez ezik, bileteetan ere aurkitu ditut burdinezko munstro hauek, Aliyev leinukoekin nor baino nor.

Taxi kolektiboak, sobietar mundu ohiko marshrutkak, azken geldialdia egin du Bakuko itsas-pasealekuan. Itsasoa ikusi eta berehala, honen kolore beltzak eman dit atentzioa. Urdina ala beltza, itsasoa beti da erreferente ona norberak bere burua kokatzeko. Izan ere, nire gibelean Gobernuaren Jauregia dago, Dom Soviet (Sobieten Etxea) antzinako izenaz ere ezaguna. Aurrealdean, Turkmenistandik datorren ferria atrakatze maniobretan, Kaspiar itsasoa gurutzatu eta gero. Kostaldetik iparrerantz Errusia; Iran hegoalderantz. Zaila da esaten beraz, Europan ala Asian nagoen. Sobietar Batasunaren arrastoek alabaina, hainbat pista eman didate; igitaia eta mailua, eta "CCCP" (SESB zirilikoz) ikur nagusiak, petrolio dorreak bezain herdoildurik dauden estolda-zulo, hodi nahiz metroko bagoietan aurki daitezke oraindik.

Beste sobietar errepublika ohietan ikusi dudan bezala, itxura aldaketa bakarra azpiegituren hondamendia dela iruditu zait hemen, errepideko auto zaharkituen artean BMW edo beste luxuzko kotxeren bat badabil ere. Hauen jabeak, estolderia bezain zaharrak asko, lehenagoko agintari komunista berak dira, herrialde honen petrolioa Mendebaldeko enpresa erraldoiei merke saldu dietenak alegia.

Baku izena Bad Kubetik eratorria da, eta haize bortitza esan nahi du. Bertako batek umoretsu azalduko didanez, «haize beldurgarriena iparretik datorrena da». Eguraldi aldaketa baino, ustekabe lazgarriagoak omen dakartzate Errusiatik datozen haize-boladek.

Gaur, ostera, udazkeneko giro gozoak jende asko erakarri du malekoira. Portuko garabiek jada burutua dute lana eta, eguzkia euren atzean ezkutatzen ari dela, itxura polita atera diet une batez.


Azerbaijan hotela

Haize bortitzaren hiria ez da, inondik ere, nazioarteko turismoaren jomuga. Hona etortzen diren bisitariak petrolioren inguruan murgiltzen dira, baita eurak jasotzen dituzten hotelak ere. Azkenean Azerbaijan hotelean sartu naiz. Eraikin gris eta nortasun gabea da, nahiz eta bere hall handiaren sabaitik makina bat bandera koloretsu dauden zintzilik. Turkiar jatorriko herrialdeetakoak direla ohartu naiz harrera-lekuan zain nagoela. Gutxik dakite Sobietar Batasuneko bigarren hizkuntza turkiera zela. Hortik dator, hain justu, Stalinen irrika turkiar nomada hauek okupatzen zituzten lurraldeei izen desberdinak emateko: Kazajistan, Uzbekistan, Turkmenistan, Kirgistan... divide et Impera bezain zaharra. 30eko hamarkada arte, azerien nortasun agirian "turkiarra" jartzen zuen soilik. Egun, azeri, kazajo edota uzbekoek, besteak beste, euren turkiar jatorria harro aldarrikatzen dute berriz ere. Eta fenomeno hori bera Siberiako ipar muturreraino zabaltzen da.

Harrerako gizonak Siberian ez, Kuban ikasi zuen gaztelania. Karibeko irlan urte batzuk eman zituen -misio diplomatikoan-, eta han bereganatu zituen hizkuntza nahiz azentoa. Zortea izan dut benetan, negoziaketa ez baita batere xamurra izango. Dirudienez, prezioak solairu bakoitzeko mantenu egoeraren araberakoak dira: hirugarren eta laugarren pisu onenetako geletan, 50 dolar balio ditu gauak; bosgarren eta seigarrenean 45... eta horrela pisuz pisu, hamalaugarreneraino iritsi arte. Azkenik zortzigarrenean lo egin dezaket 12 dolarrengatik, baldin eta hiru gau ematen baditut. Ados.

Hotel zaharkitu hauetan, derzhurnaya izeneko arduradun bat dago pisu bakoitzean. Adin ertaineko emakumeak izan ohi diren haiei eman behar zaizkie gelako giltza eta dirua. Marina da zortzigarren pisuko dezhurnaya. Ez da oso altua, ilea ori kolorez tindatua.

Antza denez, sobietar munduan bi tindagai mota daude: iluna, oso beltza; argia aldiz, zuriegia. Dena den, bere begi urdinek errusiarra dela garbi adierazten dute, tranparik gabe. Hainbat urtetan, Urriko Iraultza eta marxismo-leninismoaren funtsen irakasle aritu ondoren, Sobietar Batasunaren kolapsoak langabezian utzi zuen Marina. Geroxeago, bere ikasle ohi bati esker lortu zuen lanpostu hau. Jada hamabost urte pasa ditu pasilo luze eta ilun honetan.

- Behin-behineko lana izango zelakoan nengoen hasieran, eta oraindik hemen nago -esan du saminez-. Egun batetik bestera, errusiarrok azeri hizkuntza ikasi behar genuen lana lortu ahal izateko. Asko Errusiara bueltatu ziren, baina ni Bakun jaioa naiz, eta ez neukan nora joan. Nire ahizpak aldiz Moskura jo zuen, damu naiz berarekin joan ez izanaz.

Marina bezalako milioika errusiar, "umezurtz" gelditu dira sortu diren errepublika berrietan, "Ama Errusia"rengandik urrutiegi.

Gainera, Aliyev ez da, ezta gutxiagorik ere, "aita-orde"rik onena.

- "Kuwait berria" izango garela diote beti gobernukoek. Momentuz, miseria gorria besterik ez dugu ezagutu. Gainera guztion begibistan lapurtzen ari dira -kexu da-. Ikusi al dituzu BPko erauzleak? nonahi daude!

British Petroleum da, hain zuzen ere, Azerbaijango enpresa handiena. Britainiarren azken proiektu faraonikoa, Bakutik Turkiara doan oliobidea izan da: ia 2.000 km dituen lur azpiko hodi izugarria.

- Baku atsegin duzu?- galdetu dit gogogabe. Baietz esan diot-. Bakutik atera bezain laster zaborra besterik ez duzu aurkituko. Azerbaijan zabortegi handi bat baino ez da-, amaitu du.


Sumgayit, «jendearen kontra» egindako hiria

Arrazoi zuen Marinak. Taxi kolektiboan Baku atzean utzi bezain laster, hiri erdiguneko zuhaitzen lekuan sastrakak ageri dira orain. Historiagileek diotenez, Nobel anaiak iritsi arte apenas zegoen begetazio arrastorik Bakun. Garai haietan, erregai beltza Volga ibaitik garraiatzen zen petrolio-belaontzietan. Atzerriko portuetan zama hustu eta gero, suediarren itsasontziak lur aberatsez beteta bueltatzen ziren Kaspioko hirira; hortik datoz bakutarrek egun dauzkaten parkeak eta zuhaitzak. Tamalez, BP edo Exxon bezalako konpainiek ez dute garapen jasangarriaren eredu zahar hau jarraitu. Albanian porlanezko bunkerrekin gertatu bezala, petrolio totem hauetaz iltzatuta dago paisaia. Balkanetako eraikin zatar haiek behintzat, ez zuten zerua eta itsasoa hondakin beltzez madarikatzen.

Marshrutkak auzoz-auzoko bidaia egiten du. Mugimendu sentsazio bakarra baina, igo eta jaisten diren bidaiariek sortutakoa da, hain dira monotonoak kale eta eraikinak. Badirudi aspaldi gabiltzala bueltaka, auzo gris beretik atera gabe, baina Sumgayiteruntz goaz, Apsheron penintsularen beste aldeko hirira. Halako batean, nire ondoko mutil gazteak sorbaldan ukitu nau: ezagutzen al dut Gary Kasparov txapelduna? Baietz?

- Bakutarra da- dio berak-, txikitan nire aitaren klase berekoa zen.

Benetan bitxia da xake maisuaren kasua. Azerbaijanen jaioa bada ere, aita judutarra, eta ama armeniarra zituen. Nazioarteko txapelketetan sobietar bandera gorripean lehiatu ohi zen, errusiarpean gero, duela gutxi erretiratu arte. Berea bezalako zuhaitz genealogiko "aldrebestua" duen jende asko dago hemen. Lehen errazagoa zen, denak sobietar hiritarrak, Homo Sovieticus, baitziren; egun, askok ez daki zer erantzun.

Ondoko mutila ordea, azeri peto-petoa da. Inperioa 1991ean desegin zenean, Isak 4 urte besterik ez zituen. «Ez naiz ezertaz gogoratzen, baina nire aitak hobeto bizi ginela dio beti».

Sumgayitera doa bera ere, neskalaguna bisitatzera. Hiri honek, Sobietar Batasuneko industri kimiko konplexu handiena izan omen zuen urte askotan. 80ko hamarkadan, Azerbaijango industri astunaren %80 hemen kokatua zegoen, Azerien aurrerapenaren eredua zelarik. «Faktoria asko itxi dira azken urteotan. Nire neska lagunaren aita joan den urtean hil zen minbiziak jota; urte gehiegi eman zituen aluminiozko fabrikan. Kutsadura baino, langabezia da arazo nagusia orain».

Bakuko kanpoalde aspergarria aspaldi utzi dugun arren, marshrutkak geldialdi ugarien erritmoari eusten dio oraindik. Edozein herrixka, etxe edota errepideko fruta postu, nahikoa aitzakia da furgoneta zaharra geldiarazteko.

«Sumgayit», esan du Isak halako batean, Kaspiorantz seinalatuz.

Amesgaiztoko paisaia ageri da gure aurrean. Ehunka hobi zaharkituk zeharkatzen dute lurra, era guztietako hondakinen artean; gorantz doazen hobiak dira, zeruraino iritsi nahi duten tximiniak. Batzuei ke beltza darie, amorruak hartuta. Itsasotik datorren haizeak, jazria, barrualderantz bidaltzen ditu ke zutabeak, Kaspioak aski baitu bere uretara tonaka iristen diren hondakin kimikoekin.

Isa kontu-kontari aritu da txangoak iraun duen ordubete pasatxoan. Nik nekez sinets dezaket jendea hobeto bizi zenik lehen, bistan daukagun hiria ikusita.

Hemengo faktoria kutsagarrienetako langileen familiek, esnea eta gazta, batzuetan haragia ere, jasotzen omen zuten ordainetan. Saria sari, Sumgayitek munduko haur hilkortasun tasa altuena izan zuen garai gogorrenetan. Drama ezkutatzeko Moskuk egindako ahaleginak alferrikoak izan ziren. Sumgayiteko hilerriak umeentzako gune berezi bat dauka, izengabedun ehunka hilobirekin.

«Ez zaitez hara joan», eskatu dit Isak.

Ez naiz joango.

Hiri barruan edo kanpoaldean jaitsi garen ezin esan, gizakia gutxietsi eta izutzen duen arkitektura errepikatzen da eta. Porlanezko erlauntz hauei, kruchevska, breznevshka edo stalinska deitzen zaie, eraikiarazi zituzten agintarien omenez. Elkarri bostekoa eman eta gero, Isak gogotsu ekin dio ibilbideari, ezkerreko eskuan plastikozko poltsa bat daramala. Bere bizkarrari begira gelditu naiz une batez, agintarien eraikin puska erraldoiek irentsi duten arte.

Ryszard Kapuscinski kazetariak zioen hainbat hiri "jendearen kontra" egindakoak zirela. Sumgayit da horietako bat.

Baina hiriak badauka bere erdigunea ere. Bakearen Hiribidetik jarraituz, azoka koloretsu batek ustekabean harrapatu nau. Kanpoaldean hamaika auto zahar daude aparkatuta, fruitu edota beste hainbat jakiz beterik. Batek ehunka, agian milaka sagar ditu barruan. Postu ugariek sortutako pasabide estuak eroslez gainezka daude, saltzaileekin tratuan, edo hizketan, besterik gabe. Jendeak arazorik ez duela ematen du hemen. Fruta eta barazkiak nagusi badira ere, harakin bat ikusi dut. Eguzkipean zintzilik dauden haragi pusketetatik xerrak mozten ari da, pareko emakumearekin solasaldi atseginean.

Inoiz baino zoragarriagoa iruditu zait azokaren algara.

Feria gibelean utzi eta hondarretara jaitsi aurretik, hiri honetako bi arte ikurrak ikusteko parada izan dut: Nagorno Karabajeko Martirien omenezko monumentua, eta Bakearen Usoa; porlanezkoak biak, noski.

Hondartza luzea da benetan. Orain arte ez bezala, atsegin handiz paseatzen ari naiz, jazri haizearen freskuraz gozatuz. Paisaia honi ez zaio falta, alabaina, bere herdoil dosia, umeentzako kulunketan itsatsia oraingo honetan. Ziur nago ondoko egurrezko hiru txabola zaharkituak nahiago dituztela haurrek jolasteko.

Ibilaldi ederrean, hondartutako ontziraino iritsi naiz. Bere ertzak, herdoil-geruza lodi batek erabat kamustu ditu, azken itsasaldia aspaldi egin zuenaren seinale. Azerbaijanek "itsasoratzeko" aukerarik inoiz izango ote duen galdetu diot neure buruari.

Itsas erdiko hiri harrigarria
Bakutik 120 kilometrora, Kaspiar itsasoaren barrena, Neft Dashlari (Harkaitz Oliotsuak) hiri harrigarria dago. Mundu osoan bakarra den irla-hiri hau 1950az geroztik aritu da Kaspioko petrolioa ateratzen. Bertan bizi diren 5.000 gizonak astebeteko turnoetan jarduten dira: 7 egun irlan eta 7 lurrean. Lan jarduera eta isolamendu gogorrei aurre egiteko lorategiak, tabernak, baita zinetoki bat ere daude Kaspioko irla bitxi honetan.

Bakutik 3 ordutan irits daiteke barkuz. Tamalez, espioitza industrialaren susmoa dela eta, Azerbaijango gobernuak nekez ematen du Neft Dashlari bisitatzeko baimena.

Xinaliq: herrixka bat, hizkuntza bat
Industriaren putzu beltzak urruti gelditzen dira Kaukaso garaiko gailurretatik. Tontor horietako batean Xinaliq dago, Azerbaijango herri pintoresko eta isolatuena. Ezustekorik ezean, Bakutik 5 ordutan egin daiteke bidaia, baina nekez lor daiteke honelako marka. Hona iristen den errepiderik ez dagoenez, lur-jauzi, istripu, edota bideko artaldeek asko motel dezakete 4x4an soilik egin daitekeen txangoa.

Xinaliqen bizi diren 300 lagunen etxeak aldats pikoan antolaturik daude, baten terraza azpikoaren teilatua izateko eraikia. Baina agian artzain herri honen bitxikeria handiena bere hizkuntza dugu, bertakoek chetidi mitz deiturikoa. Kaukasiar familiako hizkuntza ei da, beraz, ez dauka zerikusirik turkiar jatorriko azeriarekin, ezta eslabiar errusierarekin ere. Aditu askoren ustetan, hizkuntz bakarra da xinaliqera. Egia ala ez, hitz solte batzuk egokiak izan daitezke "mundu bukaera"ko herri honetan lagunak egiteko:

Ksan kwoma: gozo
Ker: gatz
Knir: eder
Pshe: ogi
Pshii: zaldi
Che suleto: tea har dezagun

Kaukasoko korapilo askaezina
Kaukaso eskualdeko konplexutasunaren eredu garbia dugu Azerbaijan. Nagorno Karabajekoa du arazorik nagusienetakoa, 1993n lurralde hau armeniarrek okupatu zutenez geroztik. Hau dela eta, bi herrialdeen artean gerra deklaraturik dago.

Kontrako adibidea Najichevango azeri enklabea dugu -Aliyevtarrak hemengoak dira-. Herrialde nagusitik kanpo gelditu da, Armenia eta Iran artean isolaturik. Bakutik egunero doan hegazkinak soilik lotzen ditu bi eskualdeak.

Hegoaldeko bizilagunarekin harremanak ez dira hobeak. Azerbaijango Errepublikan baino, Irango iparraldean bizi dira azeri gehiago, eta Teherango gobernuak erabat ukatzen ditu gutxiengo honen eskubide oro. Bestalde, Kaspioko baliabideak ustiatzeko lehiak bi herrialdeen arteko itsas-erasoak sortzen ditu maiz.

Azkenik, iparreko mugan Errusia dugu haserre bizian, ohiko petrolio erreserba handiena galdu duelako. Inauguratu berri den Baku-Ceyhan (Turkia) petrolio hobia, eta bukatzear dagoen bestea (Baku-Trabzon-goa), Mendebaldeko potentzien esku gelditu dira, Moskuren kontrolpetik at.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nagorno Karabakh
Nagorno Karabakheko kazetariak diosku: “Nora begira egon zarete?”

Harrituta begiratzen diogu Kaukasoko puzzle konplikatuan gertatzen ari den exodo berriari. Nagorno Karabakheko armeniar ia guztiek –120.000 lagun– ihes egin dute Azerbaijanen azken erasoaren ostean. Hustuketa etniko bat. Baina, duela bederatzi hilabete Armeniarekin... [+]


Nagorno Karabakheko errepublika "desegiteko" dekretua sinatu du bere presidenteak

Azerbaijanek Kaukasoko herrialde armeniar txikiaren kontra erasoa jo eta astebetera sinatu du estatuko erakunde guztien desegitea Samvel Shahramanyan presidenteak. 2024ko urtarriletik aurrera Nagorno Karabakh ez da existituko beraz. Jadanik hango populazioaren erdiak ihes egin... [+]


Milaka armeniar Nagorno Karabakheko aireportuan babestu dira, garbiketa etnikoaren beldur

Azerbaijanek erasoa jo eta hogeita lau orduren buruan hartu du Nagorno Karabakheko kontrola, hango agintariek "desegitea eta erabateko desarmatzea" onartu ondoren, bere esanetan. Armeniarrek herrialdetik ihes egiteko pasabide seguruak irekitzea eskatzen dute eta... [+]


Azerbaijanek Nagorno Karabakh bonbardatzeari ekin dio eta gutxienez 25 lagun hil dira

"Terrorismoaren aurkako" operazio militar bat dela esan du Azerbajaingo Defentsa Ministerioak, eta Armeniako arartekoaren arabera jadanik hogeitabost lagun hil dituzte azerbaijandar armadaren bonbek. Nagorno Karabakheko armeniarrek gutxienez bederatzi hilabete... [+]


Armenia, Nagorno Karabakhen konexioak berrezarri nahian

Armeniako Gobernuak bake akordiorako proposamenak egin dizkio Azerbaijangoari, Nagorno Karabakheko egoera hobetzea helburu. Proposamen horietan dago lurraldeko komunikazioa hobetzea, eta horixe bera eskatu dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere Azerbaijani.


Eguneraketa berriak daude