argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2006ko otsailaren 26a

Karmele Jaiok Amaren eskuak eleberria plazaratu du, amarekin uste baino antzekotasun gehiago duela ohartuko den 35-40 urteko alaba kazetariaren istorioa. Igartza bekari esker osatu du Jaiok liburua.

Puzkarra Records sortu dute Jon Ijurko eta Ibon Apezetxeak. Haien hitzetan, «Gipuzkoako punk-oi! mugimendua bultzatu eta zabaldu nahi duen zigilu ez komertziala» da. Orreaga 778 musika taldeko kideak dira eta duela bi urtetik Bando punk fantzinea plazaratzen dute.

Andres Nagelen (Donostia, 1947) 150 artelan paratu dituzte Donostian, Kursaaleko Kubo aretoan. Askotariko euskarrietan eginiko obrak ikus ahal izango dira apirilaren 17a arte.

Juan Carlos Perezek Hiriko istorioak diskoa plazaratuko du martxoaren amaieran, Elkarren eskutik. Estudioan zuzenean grabatutako disko pertsonala da. Atlantic River, Hau berua eta Ikaro diskoetako zenbait kantu, argitaratu gabeko hiruzpalau eta Itoizen Astelehen urdin baten kantuaren jazz kutsuko moldaketa bildu ditu.